Zorraren krisia. Europaren erantzuna

Akordioa? Zer akordio?

EBko goi bileraren emaitzari bizkarra eman diote finantza merkatuek; burtsetan galerak nagusitu eta arrisku hobariak igo egin diraMoody's eta S&P agentziek ohartarazi dute lortu diren konpromisoak ez direla aski

Ivan Santamaria.
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Marmotaren eguna, berriro. Europako Batasuna eta euroa salbatu behar zituen enegarren goi bilera historikoa pasatu da. Asteburua izan dute merkatuek ezagutarazi zenari buruz gogoeta egin eta estrategia prestatzeko, eta, atzoko erreakzioari kasu egin behar bazaio, batzarraren ondoren entzun eta ikusi zutena ez zaie gustatu. Berriro.

Erresuma Batuaren eta batasuneko beste herrialdeen arteko dibortzio politikoak piztu duen polemikaren itzalean hartutako neurri ekonomikoek ez dituzte inbertsoreak asebete. Euroaren etorkizuna diziplina eta kontrol fiskal handiago bati lotzen dion itunak baino gehiago, zorraren krisia orain gainditzeko beste estrategia baten edo argiago baten faltak zapuztu du irteeraren ilusioa.

Ostiralean izan ziren irabazi apurrak atzean utzita, kontinenteko burtsa garrantzitsu guztiek atzera egin zuten nabarmen. Beste garai batean %3ko edo gehiagoko beherakada batek astelehen beltza izena hartuko zuen, baina azkenaldian halako gainbeherak izatea ez da gauza arraroa. Milango, Frankfurteko eta Madrilgo burtsek izan zituzten galerarik handienak. Paris eta Londres ere ez ziren zaparradatik libratu. Eurostoxx 50 indizeak %3,1 galdu zuen. Kontinente zaharretik iristen ari zen korronteak bultzatuta, Wall Streetek ere gorrirako joera hartu zuen arratsaldeak aurrera egin ahala.

Giro ezkorrak ere eragin zion diru bakarrari. Euroak balioa galdu zuen dolarraren kontra, eta urriaz geroztik trukerik merkeenean kokatu zen: euro bakoitzeko 1,32 dolar (%1,4ko jaitsiera atzo).

Zor publikoaren salerosketak ere merkatuen nora eza islatu zuen. Espainiaren arrisku hobaria 400 puntutik gora jarri zen une batzuetan, baina eguna apur bat beherago itxi zuen. Italiak bere zorraren interes tasa gora egiten ikusi zuen, eta Alemaniarenganako hobariak oinarrizko 452 puntutan itxi zuen eguna.

Italiaren salmenta, ondo

Ordu batzuk arinago zor jaulkipena ongi bideratzea lortu zuen Mario Montiren gobernuak. Urtebete barru itzuli beharreko bonuetan 7.000 milioi saldu zituen Italiak. Interesa aurreko enkantean ordaindutakoa baino apur bat txikiagoaizan zen: %5,95. Azaroaren 10ean %6 baino gehiago ordaintzera behartu zuten inbertsoreek. Italiako Bankuaren arabera, eskaera indartsua izan zuen enkanteak: 13.472 milioi euro erosteko eskaintzak jaso zituzten (1,9ko estaldura).

Gaur Espainiarentzat izango da kapital merkatuei tenperatura hartzeko txanda. Altxor Publikoak 12 eta 18 hilabeterako letrak jaulkiko ditu, 3.250 eta 4.250 milioi euro lortzeko asmoz, hurrenez hurren. Azaroaren 14an %5,2ko interesean saldu zituen gobernuak. Ez da izango asteko enkante bakarra. Ostegunean luzera begirako zorra aterako du plazara, 2.500 eta 3.500 milioi euro artean lortzeko xedearekin. Bi enkanteak gainditzen baditu, finantzaketa eske soilik beste behin atera beharko du urtea amaitu baino lehen, abenduaren 22an. Urtearen joanean epe ertain eta luzera begirako 87.600 milioiko zorra saldu du Altxorrak.

Agentzientzat, ez da aski

Euroguneko zenbait herrialderen zorrak duen kalifikazioa jaisteko mehatxua egin zuten rating agentziek goi bileraren atarian. S&Pk, argi hitz eginez, batzarra «baldintzatzeko» asmoz egindako abisua zela onartu zuen. Atzo, Moody's izan zen bileraren emaitza kritikatzen lehena. «Neurri berri gutxi iragarri ziren, eta arriskuak gora egiten ari direneko dugun ustea ez da aldatu». S&Pren ustez, berriz, beste «kolpe» bat beharrezkoa du euroguneak norabidea aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.