Krisia eurogunean. Goi-bileraren ondorengoak

Akordioaren ondoren, arazoak

Erreskate funtsek arazoak dituzten herrialdeen zorra erosi ahal izatea blokeatu nahi du Finlandiak

Ivan Santamaria.
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Deabrua xehetasunetan dago. Hala izan da krisia hasi zenetik: G20n edo eurogunean akordioak lortu, zalaparta handiarekin iragarri, eta oihartzuna oraindik itzali ez denean, zalantzak sortu eta alarmak pizten dira berriro. Hurrengo gatazkaren txinparta Finlandiak piztu du: ez zaio gustatu erreskate funtsek arazoak dituzten herrialdeen zorra erosteko aukera izatea. Ez, behintzat, trukean baldintza gogorrak hitzartu gabe. Hori dela eta, joan den ostiralean hitzartutako akordioa blokeatzen saiatuko dela iragarri du. Antzeko ikuspuntua dute Herbehereek ere. Mehatxuak arrisku sariaren beherakada eten zuen.

Bi herrialde horiek, Austria eta Alemaniarekin batera, neurritasunaren aldeko nukleo gogorra osatzen dute. Hegoaldeko bazkideen arazoak eta arriskuak partekatzea erabat baztertu izan duen laukotea da. Europako edozein laguntzak, trukean, murrizketak eta baldintza zorrotzak ekarri behar dituela defendatu dute. Eurobonuei ezetz esan diete, eta mesfidantza handiz ikusi dituzte EBZk finantza egoera arintzeko hartzen dituen ezohiko neurriak.

ESM Europako erreskate tresna iraunkorraren sorreran aurreikusita zegoen gobernuetako zor publikoa erosi ahal izatea. Orain arte, aukera hori herrialde batek erreskate osoa jasotzearekin lotzen zuen zuzenean. Ostiralean, baldintza horiek apur bat arintzea erabaki zuen EBko Kontseiluak. Herrialde batek aukera izango du ESMk zorra eros dezala eskatzeko. Italiaren helburua ESMk merkatuetan bere kasa esku hartzea zen — iazko udatik Gabonetara EBZk egin zuen gisara —, baina hori ez zuen lortu. Laguntza nahi duen herrialdeak propio eskatu beharko du, baina ez da erreskate oso baten parte izango. Edozein modutan, baldintza batzuk bete beharko ditu herrialdeak, eta horiek agiri batean jasoko dira.

Non dago arazoa? ESM abiatzeko akordioaren arabera, bazkide guztien oniritzia beharrezkoa litzateke funtsa lehen edo bigarren mailako merkatuetan zorra erosten hasteko. Halakorik ez dela gertatuko ziurtatu dio Finlandiako Gobernuak herrialdeko parlamentuari, txosten baten bidez, eurak eta Herbehereak aurka daudelako. Alegia, Italiaren edo Espainiaren zorra erostea bozkatuko balitz, betoa ezartzeko aukera lukete bi herrialde horiek.

Finlandiak nabarmendu duen baldintza hori argi eta garbi jasotzen du ESMren araudiak. Haatik, testuak beste zirrikitu bat ere jasotzen du, aho batezko babes hori behar ez izateko. Itunaren arabera, ESMk aukera luke erabaki batzuk aurrera ateratzeko jabetzaren %85 duten herrialdeen botoekin. Noiz? Bruselaren eta EBZren aburuz, erabaki bat garaiz ez hartzeak «eurogunearen ekonomia eta finantza egoeraren bideragarritasuna arriskuan jarriko balu».

Zorra ez erostearen ondorioz eurogunea arriskuan dagoela interpretatuz gero, betoa gauzatzeko jabetzaren %15 baino gehiago aurka azaldu beharko litzateke. Finlandia eta Herbehereak ez dute nahikorik (%7,5 bien artean) atzeko ate hori ixteko. Austriak bat eginda ere, oraindik ere %5 gehiago beharko lukete. Atzeko ate hori zabaltzen edo ez erabakitzeko azken hitza, ohi bezala, Alemaniak izango luke beti, erreskate funtseko bazkide nagusia delako, jabetzaren%27 izanik.

Europako Batzordeak uste duESMren araudia ez dela aldatu eta berriro bozkatu beharko joan den asteko akordioen ondorioz.Zor erosketari lotu gabe premiazko prozedura indarrean dagoela nabarmendu zuen Simon O'Connor Ekonomia eta Diru kontuetarako EBko bozeramaile berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.