Negoziazio kolektiboa

Akordiorik gabe bukatu da Gipuzkoako metalgintzaren mahaiko bilera

Adegik erretiratu egin du joan den ostilarean egindako proposamena, bakarrik ELAk onartu duelako, eta beste sindikaturen baten babesa behar duelako eragin orokorrekoa bilakatzeko. Egun batzuetan behin betiko erretiratuko duela esan du.

LAB sindikatuaren protesta bat egunotan, Adegiren egoitzan. AONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2020ko urriaren 2a
13:38
Entzun

Adegi patronalak eta sindikatuak, ELA, LAB, CCOO eta UGT, egun batzuk barru elkartuko dira berriro, negoziazioan urratsak egiteko aukera baldin badago. ELAk akordiorako ateak ireki zituen atzo jakinarazi zuenean Adegiren azken eskaintza ontzat eman duela. Hura da ordezkaritza handieneko sindikatua ia, %49rekin. Baina beste sindikatuen babesa behar du proposamenak, eta LAB, CCOO eta UGT ez dute oniritzirik eman gaur, nahiz eta aurrerapausoak badirela onartu.

Hala, Adegik iragarri du erretiratu egin duela bere eskaintza, baina behin-behinean, ikusteko beste sindikaturen batek adostasunerako erabakia hartzen ote duen. Epe bat igaro ondoren, Gipuzkoako patronalak esan du behin betiko erretiratuko duela mahai gainean jarri duen eskaintza.

Proposamenaren edukiak

Hitzarmenak jasoko lituzkeen hobekuntzak zerrendatu ditu ELAk. Hasteko, %8,8ko soldata igoerak jaso dira 2019ra arte —atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020. urterako. 2021rako eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen du sektoreko enpresa guztientzat. Ez litzateke dirurik itzuliko KPIa negatiboa balitz. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak daude, baita ultraktibitate mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke itun hori.

Bestalde, Adegik azpikontratatuentzako subrogazioa onartu du, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», azaldu du ELAk. Eta finkatu dute gehienez ere urtebetekoa izango dela aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa. Berdintasunari dagokionez, enpresek legez nahitaezkoa den baino informazio gehiago eman beharko dute, nahitaezko epeekin.

Hiru egunetik bostera pasatuko da aurreabisuen epea, eta soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Gainera, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.

ELAren ustez, «garaia da» gainerako patronalek, pribatuek zein publikoek, «beren langileen lana baloratzearen alde egin dezaten». Sindikatuak esan du lan eskubideak direla «aurrean dugun egoera zailetik ateratzeko errezetarik onena». Erantsi du «frogatuta» geratu dela «negoziatzeko borondatea eta langileentzako eduki onuragarriak badaude» ELA ere gai dela akordioan egoteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.