Lan itunak

Akordiorik lortu gabe amaitu da sindikatuen eta Confebasken bilera

Lan itun ugari iraungiko dira gaurko bileran akordiorik egon ez delako. Sindikatuek gogor kritikatu dute patronalaren jarrera.

xabier martin
2013ko uztailaren 5a
17:59
Entzun

Uztailaren 7a, igandea, egun garrantzitsua izango da lan harremanen historian, Espainiako lan erreformak eraginda 300.000tik gora langilek euren itunak galtze bidean daude Hego Euskal Herrian, gaurko bileran sindikatuak eta patronala ez direlako adostasunera iritsi. Iraungitako hitzarmenak indarrik gabe geratzea beste aukerarik ez zegoela ematen zuen atzo arte, eta hori ekidin nahian, etsi-etsiko aukera zabaldu zuen atzo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Confebask eta haren bazkide Adegi (Gipuzkoa), SEA (Araba) eta Cebek (Bizkaia) patronalekin bilera egin eta gero. Langileak, berriz, kalera atera ziren hamaikagarren mobilizazioan erreformak betiko lurperatu nahi dituen lan baldintzen alde, itun kolektibo eta enpresa itunen alde. 

Urkulluk arau indarra izango lukeen sektore arteko akordioa proposatu zuen, lan erreformak finkatzen duen urtebeteko ultraaktibitatea saihestu eta mugarik gabe egiteko. Lan Harremanen Kontseilura igorri zuen idatzia, sindikatuek eta patronalak negozia zezaten. Eta horretan egon dira gaur goizean. LHKren Bilboko egoitzan hasi da batzarra, 11:00etan. Batetik, aurretik aipatutako enpresaburuen elkarte horiek guztiak izan dira bertan, eta, bestetik, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak, LHKn izendatuta daudenak. ELAk uko egin zion LHKn egoteari. 

Sindikatuen eta Confebasken arteko azken bileran ez da adostasunik egon. Lokarri askaezina dirudi Espainiako lan erreformak Euskal Herrian eragin duen lan arazo eta arazo sozialak;  sindikatuek eta patronalak akordiorik lortu ez dutelako. Azken asteetan izandako jarrerari eutsi dio patronalak. Adegik, esaterako, garbi utzi du lan erreformaren aplikazioa nahi duela, "indarrean dagoen legedia", eta edozein kasutan ere, urtebeteko ultraaktibitateari eta itunak urratzeko aukerari ez diela uko egingo, erreformak jasotzen dituelako; "horiek dira lerro gorriak", esan zuten aurreko astean. Sindikatuek, berriz, ez dute onartu enpresek itunak urratzeko ahalmena gordetzea, kasu horretan sektore arteko akordio orokor hori ez litzatekeelako derrigorrez bete beharreko gutxienekoa, eta enpresek soldatak (adibidez) jaisteko bidea zabalik izango luketelako. Adostutakoa betetzeko derrigortasuna nahi dute sindikatuek ,alegia, eta derrigortasun hori ez du onartu patronalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.