Akusazio gogorrak industriaren aurka

Gaztagileen «itomenaz» baliatu, eta gazta merkatuko prezioen azpitik erostea egotzi dio Bizkaiko EHNEk Aldanondori; enpresak dio gezurra dela hori.

2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gazta soberakinak arazo bat baino gehiago eragiten ari zaizkie Idiazabal sor-markako gaztagileei. Kanpaina berria abian dela, haietako askok iazko gazta hozkailuetatik atera ezinik segitzen dute, eta Bizkaiko EHNEren arabera, Aldanondo taldea egoera horretaz baliatzean ari da, atzera geratutako gazta hori «miseria baten truke» erosita. Orain aste batzuk sindikatuko hainbat kidek Muskizko baserri bateko ukuiluan emandako prentsaurrekoan, laurehun artzainen geroa kolokan jartzea egotzi zioten Idiazabal sor-markako ekoizlerik handienari.

Aldanondorenak dira jatorri izeneko gaztandegi handienetako hiru —Queseria Araia, Dorrea eta El Pastor Vasco—, eta Idiazabal gaztaren merkatuaren %60 kontrolatzen duela dio webgunean. Bizkaiko EHNEren arabera, merkatuan duen egoera baliatzen ari da, ekoizle txikiekin «nagusikeriaz» jokatzeko. Idoia Aparicio sindikatuko kide eta artzainak zehaztu duenez, «haien itomena aprobetxatzen ari da soberan duten gazta merkatuko prezioetatik behera erosteko, are itomen handiagoa eraginez».

Jaime Alvarez Aldanondo taldeko zuzendari komertzialak gezurtatu egin du hori guztia. Aitortu du Idiazabal gaztan soberakinak egon badaudela, «handiak gainera». «Baina, guk ez daukagu ekoizten duguna baino kilo bat gehiago ere erosteko beharrik, kontrakoa, gure stock propioa merkaturatzeko arazo handiak ditugulako». Onartu du baserritarren batek Aldanondori eskaini diola aurreko urteetatik soberan duen gazta erostea, Baina Alvarezek argi utzi nahi izan du enpresak berak ere baserritarrek dituzten zailtasun bereberak dituela gazta merkaturatzeko.

«Guk ez daukagu gazta horren inolako beharrik eta baserritarrak beraiek dira gugana jo dutenak; beraiek dira soberan duten gazta merkatuko prezioen azpitik eskaini digutenak». Alvarezen esanetan, kasuren batzuetan onartu dute gazta erostea, baina dio gaztagilearen eta Aldanondoren arteko akordio bat izan dela, «ekoizle txikienez aprobetxatzeko intentziorik gabeko akordio bat».

Aldanondoko zuzendari komertzialaren arabera, une hauetan enpresak finantza arazo handiak ditu bere stock propioaren ondorioz. «Banaketa kateak sekulako presioa egiten ari zaizkigu, sekulako prezio jaitsierak proposatzen, kasu askotan jaitsiera iraingarriak gainera, egoera bera delako guztiontzat, egoera oso zaila delako». Bizkaiko EHNEren salaketak «min handia» egin diela adierazi du Alvarezek, «intentzio txarrik gabe aritu garelako eta gure asmoa aurrerantzean ere elkarlanean aritzea delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.