Alberto Alonso enpresa ixteko arriskuan dagoela ohartarazi du CCOOk

Enpresako 20 langileek lau hilabete daramatzate soldatarik kobratu gabe; gaur mobilizazioak hasiko dituzte

Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bilboko Alberto Alonso Calefaccion enpresako hogei langileek lau hilabete daramatzate zentimorik kobratu gabe —joan den azarotik—, eta zuzendaritzak ez die inolako aterabiderik proposatzen. Horregatik, egun batetik bestera enpresak ateak behin betiko ixtea erabaki dezakeela uste dute, eurak kale gorrian utzita. Hala jakinarazi du CCOO sindikatuko Industriako Federazioak.

Alberto Alonso Calefaccion enpresak klimatizazio sistemak instalatzen ditu. Bilboko Errekalde auzoan du lantegia, orain dela 60 urte baino gehiagotik. Enpresa historiko bat da, beraz. Duela gutxira arte sektoreko aurreneko konpainia zen, eta bezero gisa enpresa garrantzitsu asko zituen, hala nola EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Osakidetza eta Bilboko Merkataritza Ganbera.

Joan den urteko apirilean, kudeatzaile talde berri batek hartu zuen enpresaren gidaritza. Ordurako arazoak zituen, etxegintzako krisiak gogor astindu baitu klimatizazio irtenbideen sektoreaere. Baina, orduz geroztik, egoera are gehiago okertu dela nabarmendu du sindikatuak.

Iragan urtean, urtarriletik uztailera, lanaldia murrizteko erregulazio dosier baten mende egon ziren enpresako langile guztiak. Eta, azkenean, haietako dozena bat kaleratu egin zituen, hogei laguneko lantaldearekin gelditu arte.

Gidaritza kudeatzaile talde berriak hartu zuenetik, hornitzaileekin milioi bat euroko zorra egin du enpresak. Ez dauka gastuei aurre egiteko sosik, eta langileei ere eragin die horrek, lau hilabete baitaramatzate nominarik kobratu gabe. Gainera, uneotan, enpresa hartzekodunen legean da. Horregatik, CCOOk uste du egun batetik bestera behin betiko itxi ditzakeela ateak eta kale gorrian utz ditzakeela hogei langileak. Gehienek 50 urtetik gora dituzte, eta kaleratuz gero beste enplegu bat lortzeko zailtasun handiak izango lituzketela adierazi du sindikatuak. Horiek horrela, arduraz jokatzeko eskatu die enpresaren arduradunei.

Gaur, 09:30etik 11:30era, langileek elkarretaratzea egingo dute enpresako atarian. Hilaren 6an, berriz, manifestazioa egingo dute Errekaldeko kaleetan, 16:00etan hasita.

Lorezainak, borrokan

Bilboko lorategiak txukun mantentzeaz arduratzen diren FCC enpresako 110 lorazainek lanuztea egin zuten atzo, enpresa lan ituna negoziatzera presionatzeko. Asteartero eta ostegunero gauza bera egiteko asmoa zuten, baina ez dute horren beharrik izango, zuzendaritzak negoziatzea onartu duelako.

Iruñeko Eulen enpresako lorezainek, berriz, salatu dute zuzendaritzak hamabost lankide kaleratu dituela eta datozen asteetan beste hiru kaleratzeko asmoa duela. Eulenek 800 langile eta 30 milioi euroko fakturazioa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.