Espainiako estatistika erakundeak langabeziari buruzko bere datu guztiak berritu ditu, errolda berrienera (2011) egokitzeko. Orain arte 2001koa erabiltzen zuen. Langabeziaren jaitsiera espero zen, biztanleriaren hazkunde handia gertatu baita azken urteotan, langabeziarena baino gehiago. Eta hala gertatu da Espainian, langabezia tasa %26,03tik %25,73ra jaitsi baita. Kontrako eragina izan du, ordea, Hego Euskal Herrian, tasa %16tik %16,54ra igaro baita.
INEren arabera, 16 urtetik gorako 2.334.600 biztanle zeuden 2013ko azken hiruhilekoan Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, Aurretik ziona baino 56.100 gehiago dira. Gutxi gora behera hein horretan igo da aktiboen kopurua ere (+52.700), baina arazoa da lan mundura sartu diren ia hiru lagunetik bat langabezian dagoela: 37.900 okupatu gehiago daude, eta 15.900 langabe gehiagok. Hori izan da, hain zuzen ere, langabezia tasa puntu erdian igotzearen arrazoia.
Errolda berrituak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian hazi du langabezia tasa. Gipuzkoak langabezia tasa %12,8koa zela esan zuen urtarrilean INEk, eta %13,8ra igo du tasa orain; Bizkaian, berriz, %17tik %17,61ra igo du; eta %17,5etik %18,75era Araban. Doi-doi kontrako eragina gertatu da Nafarroan: %16,83tik %16,44ra txikitu baitu.
INEk datorren asteartean emango ditu 2014ko lehen hiruhileko tasak. Baliteke langabezia apur bat gehiago igotzea, urte hasiera nekez izaten baita ona enpleguarentzat. Horixe bera esan zuten joan den astean Eustatek jakinarazitako datuek.