Aldaketa langileen borrokak ekarriko duela aldarrikatuko du LABek maiatzaren 1ean

Sindikatuak ez du ekitaldi nagusirik egingo, eta hogei eskualdetan antolatuko ditu ekintzak

Erredakzioa
Donostia
2010eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko urteetan bezala, aurten ere bakarrik egingo ditu LABek Maiatzaren Leheneko protestak.Ekitaldi nagusi bakar bat egin beharrean, hogei antolatu ditu, hainbat eskualdetan banatuta. Guztietan leloa bera izango da: Langileon borroka, aldaketaren indarra.

Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak azaldu duenez, ez da aldaketaz hitz egitera mugatzeko momentua, ezta aldaketarik nahi ez dutenei aukerak eskatzekoa ere. «Aldaketa nola bultzatu eta bideratuko dugun adosteko momentua da». Bide hori egiteko indarra behar dela gaineratu du Etxaidek, eta indar hori langileen borrokan dagoela. «Langileriak aldaketaren helburua bere egiten badu, eta protagonista izateko prest badago, ez dago aldaketa prozesua zapuztuko duenik», azaldu du.

Aldaketa prozesurako, lau helburu finkatu ditu LABek: Nolako egituraketa politiko eta instituzionala nahi den erabakitzeko aukera izatea; instituzioak herriaren zerbitzura jartzea; instituzioek aintzat hartzea euskal gehiengo sindikalak proposatutako dekalogoa; eta, azkenik, eredu ekonomiko eta sozial berriaren oinarriak finkatzeko eta haiek posible egiteko zutabeak eraikitzea.

Helburu horiek guztiak «lortzeko modukoak» direla uste du sindikatuak, «asko garelako helburu horiekin bat egiten dugun eragile politiko, sindikal eta sozialak». Giltza «aliantza sendoak egiteko dugun gaitasunean» egongo dela uste du Etxaidek.

CCOOk eta UGTk lelo bera

LABek bezala, Nafarroako UGTk eta CCOOk ere atzo aurkeztu zituzten Maiatzaren 1eko protestak. Aparte egingo dituzte. baina lelo berarekin: Eskubidedun lanpostuaren eta gure pentsioen bermearen alde.

UGTk Lizarran egingo du ekitaldi nagusia. 11:00etan hasiko da, eta Juan Goien idazkari nagusiak hitz egingo du. 12:00etan festa hasiko dute, eta 14:00etan bazkaria izango da. CCOOk Iruñean egingo du. Elkartearen egoitzatik Nafarroako enpresaburuen elkartearen egoitzaraino manifestazioaegingo dute, 12:00etan. Han, Jose Maria Molinero herrialdeko CCOOko idazkari nagusiak hartuko du hitza. 14:30etik aurrera, bazkaria izango da.

Elkarrizketa sozialaren aldeko apustua egin behar dela esan dute bi sindikatuetako ordezkariek prentsaurreko banatan.«Han parte hartzen dugun guztiok akordioak lortu behar ditugu gaur egungo lan egoera hobetzeko. Horretan egin behar dugu lan, borroka politikoan eta bestelakoetan galdu gabe», adierazi du Jose Maria Molinero CCOOko idazkari nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.