Aldaketa soziala helburu, ekimen sorta prestatu du Herria Abianek

Hegoaldeko lau hiriburuetan hitzaldiak eta mobilizazioak egingo ditu plataformak datozen bi asteetan

Ivan Santamaria.
2009ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herrian eta munduan aldaketa sozial sakona aldarrikatzeko sortu da Herria Abian plataforma. Orain dela hilabete bat oinarri ideologikoekin idazki bat plazaratu zuen herri ekimenak, Bilboko Carola garabiaren itzalean. Atzo beste toki esanguratsu bat aukeratu zuten prestatu dituzten lehen ekintzen berri emateko: Gasteizko Martxoak 3 enparantza. «Eskubide murrizketari aurre egin eta aldaketaren beharra agerian utziko duen marea sozialaren lehen mobilizazioak izatea nahi dugu», adierazi zuten plataformako eledunek.

Orain dela 32 urte bost langile hil zituzten tokia aukeratzearekin ere beste mezu bat eman nahi dute. «Gaurko krisi ekonomiko, sozial eta politikoak antz handia du 1970eko hamarkadako azken garaiarekin, gaur egun ere eskubide sozial eta politikoetan atzera egiten ari garelako».

Hori dela eta, krisia «populazioaren lepotik» gainditu nahi duten bankari, enpresaburu eta administrazioek proposatzen duten kapitalismo eraberrituaren ordez, eraldaketa sozial «sakona» aldarrikatu dute Herria Abian plataformakoek.

Munduko Gizarte Foroan proposatutakoari heldu, eta estrategia propioa antolatu nahi du Herria Abian plataformak. Hain zuzen ere, lehen protesta ekimenak martxoaren 25a eta apirilaren 4a bitartean egingo dituzte, urtemuga esanguratsuak dituztelako. Izan ere, egun horietan bilduko da G20 taldea Londresen (Ingalaterra), eta apirilaren 4a NATO sortu zuen itunaren urtemuga da. «Gogoratu behar da Euskal Herriak ezetz esan ziola NATOn sartzeari», gogorarazi zuten plataformako ordezkariek.

Bihar, arratsaldeko 19:00etan, hitzaldi bat egingo dute Gasteizko Letren Fakultatean, Nekane Jurado ekonomialariaren eskutik. Martxoaren 28ko eguerdian Bilbon elkarretaratzea izango da, eta, arratsaldean, manifestazioa Gasteizko kaleetan.

Azkenik, apirilaren 4an martxa antikapitalista antolatu dute Iruñean. Donostian, berriz, hitzaldia, bideo emanaldia eta batzarra egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.