Aldaketa soziala» bultzatzeko, manifestazioak antolatu dituzte otsailaren 11rako Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak. Era horretan, egungo krisi egoeraren aurka mobilizatzeko beste deialdi bat egin dute Amaiur koalizioa osatzen duten alderdiek. Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku lelopean egingo dituzten manifestazioekin, «murrizketei aurre egiteko klima soziala garatu» nahi dutela adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak.
Murrizketen inguruan, ordea, beste manifestazio nazional bat deituta dago Bilbon otsailaren 4an, eta bertan ere parte hartuko dutela jakinarazi dute lau alderdietako ordezkariek. ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, EHNE eta Hiru sindikatuek eta hamabost eragile sozialek deitu dutenmobilizazioan, murrizketen aurrean «aski dela» aldarrikatuko dute gainerako eragileekin batera.
Azpiegitura handiek gizartean daukaten «kalte ekonomiko eta ekologikoaren» aurkako mobilizaziora ere joango dira Amaiur koalizioa osatzen duten alderdiko kideak. Donostian egingo da manifestazioa, otsailaren 4an baita ere. Manifestazio hori, Aralar, EHNE, AHT Gelditu! Elkarlana eta beste hainbat plataformak deitu dute, eta Gipuzkoan eraiki behar diren azpiegitura handiak gelditzeko aldarrikapena egingo dute.
Erantzun sendoa
Krisi ekonomikoari aurre egiteko Espainiako Gobernuak iragarri eta onartutako ekimenek «behar gehien dituzten pertsonei» eragiten die, Urizarrek azpimarratu duenez: «Neurri horiek soldata apaleneko pertsonei, ezintasunak dituztenei, pentsio apalenak jasotzen dituzten adinekoei eta lan baldintzak defendatu nahi dituen edozein pertsonari eragiten die, eta euren aurkakoak dira».
Krisi egoera baliatuz, Espainiaren barruan zentralizazio prozesu bati ekiteko asmo nabarmena ikusten dute lau alderdietako ordezkariek, «menpekotasun politiko eta ekonomikoa areagotzeko saio nabarmena da», Urizarren ustez.
Egoera horrek «erantzun sendoa» behar duela azaldu du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak. Horregatik, eragile sozial, sindikal eta politikoei deia egin die bakoitzak bere esparruan, «eta ahal balitz denok batera, martxan dagoen erreforma neoliberalari aurre egiteko».
Alternatiba berrien eskaintza
Egoera ikusirik, erantzuteko beharra nabarmena dela uste badute ere, Matuteren hitzetan, «alternatiba berrien eskaintza ere eskatzen dugu». Eskaera hori burujabetza politiko eta ekonomikoaren barruan legoke, horrek ondoren ekarriko bailuke «eredu sozial eta alternatibo bat eraikitzeko aukera».
Hori lortzeko, «benetako demokrazian» oinarritutako bestelako eredu bat sortzen hasteko beharra ikusten dute lau alderdiek: urteetako «lan eta borrokaren» ondorioz eskuratutako zerbitzu sozialak bermatuz eta sakonduz; garapen ekonomiko soila baino gehiago, garapen soziala bultzatuz, naturarekiko errespetuan oinarrituko litzatekeen ekonomiari bultzada emateko; zerga eta lan politika publikoak bermatuz, ondasunen eta lanaren banaketa egokiago bat lortzeko; baita emakumeen eskubideak errespetatuta ere. «Funtsean, ezkerretik eraikitako Euskal Herria, pertsona guztien eskubide eta aukera berdintasuna bermatzeko».
Helburu horiek jomugan jarrita, lau alderdietako ordezkariek herritar eta eragileei deia egin die kalera irteteko. «Hartzen ari diren neurri guztiei aski dela esateko, eta burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarritutako bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat aldarrikatzeko».
Aldaketa sozialerako manifestazioak antolatu dituzte otsailaren 11rako
Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dira, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak deituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu