Aldanondok 400 artzain kolokan jarri dituela salatu du EHNEk

Ardi esnea zein preziotan pagatuko dien zehaztu gabe entregatu behar dutela esan du sindikatuak

Bizkaiko EHNEko ordezkariek etxalde batean eman zuten prentsaurrekoa. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Laurehun artzainen geroa kolokan dagoela salatu du Bizkaiko EHNEk, Idiazabal Jatorri Izeneko enpresa handienaren «gehiegikeriei» egotzi die errua. Quesos Aldanondok «monopolio egoeran jokatzen duenez», artzainei behar baino prezio txikiagoa pagatzen diela ziurtatu du EHNEk, eta beste jokabide batzuekin gaztari balioa kentzen ari dela ziurtatu du.

Muskizko baserri bateko ukuiluan emandako prentsaurrekoan, Jabier Arriaga Bizkaiko EHNEko ordezkariak salaketa gogorrak egin ditu Aldanondoren aurka. Harenak dira Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegi handienetako hiru —Queseria Araia, Dorrea eta El Pastor Vasco—, eta gaztaren merkatuaren %60 kontrolatzen duela dio bere web orrian. Nagusitasun horrekin haren hornitzaile diren artzainak itotzen ari direla uste du EHNEk. Martxora arte ardi esnea zein preziotan saltzen zien jakin gabe entregatu diote artzainek Aldanondori, eta ez dakite noiz kobratu ahal izango duten. Gainera, iazko esnea oraindik ordaindu ez diela ziurtatu du. Egoera are okerragoa espero dute aurrerantzean, enpresak esan baitie erositako esnea 120 egunean behin ordainduko diela.

Artzainek esnea zein preziotan saldu duten oraindik ez badakite ere, «aipatzen ari diren datuen arabera, 0,70 euro ordainduko dizkie esne litroko artzain bakoitzari», Arriagaren hitzetan. Horrek ez die gastuak berdintzeko adina ematen artzainei. Prezio «justua» litroko 1,20 euro da.

Aldanondori lehia bidegabea egitea ere leporatu die EHNEk. Esnea merke erosiz, gaztak ere merke saltzen ditu, eta «era horretan ekoizle txikiei min egiten die». Gaztaren kontsumoa jaitsi egin dela onartu du EHNEk, eta horren ondorioz artzain askok oraindik aurreko urteetako gaztak saldu gabe dauzkatela. Egoera hori aprobetxatuz, «Quesos Aldanondo artzain horien gaztak erosten ari da, oso prezio txikian».Era horretara gazta industriaren jabe egiten ari direla salatu dute EHNEko ordezkariek. Egoera hau ekiditeko, ekoizpena kontsumora egokitzeko tresnak martxan jartzea eskatu dute.Gutxieneko prezioak zehazteko beharra ezinbestekotzat jo dute, horretarako ekoizpen kostuak oinarritzat hartuz.

Sor-marka babestu

Idiazabal sor-markak gainerako gaztekin dituen desberdintasunetan sakondu beharra ere aldarrikatu du baserritarren sindikatuak. Doi-doi horren kontrakoa egitea egotzi dio sektoreko enpresa nagusiari. «Aldanondok iruzurra egiteagatik Idiazabal sor-markaren zigorra jaso zuen bere garaian», gogoratu du Arriagak, eta Etxegarai gazta bultzatzearren artzainen irudia erabilita «kontsumitzailea nahastea» aurpegiratu dio. «Inportatutako esnearekin egindako gaztak saldu nahi izan dituzte artzainen irudia erabiliz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.