Iruzurraren aurkako neurriak

Alde biko keinua, denen onura

Zerga iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren aurka, terminal fiskala jarri dute autoan Gipuzkoako 350 taxilarik, aldundiaren ekimenez. Egitasmoa beste sektore batzuetara hedatu nahi dute.

'Enpresa gardena' ziurtagiria, terminal fiskala daraman taxi batean. M. A.
Maite Alustiza.
2015eko apirilaren 17a
14:14
Entzun

Dentistaren kontsultan, ginekologoarenean, fruta dendan, ile-apaindegian. Gerta daiteke bezeroa faktura gabe ateratzea. Batzuetan hainbat gauzak egiten dute bat: ez du faktura jaso, ez diote kreditu txartelarekin ordaintzen utzi, eskudirutan soilik... Halakoak saihesteko, beste pauso bat eman du Gipuzkoako Aldundiak iruzurraren aurka: kontsumitzaileekin harremana duten kolektibo profesional batzuengana jo du, eta kontuak kudeatzeko sistema bat proposatu die: terminal fiskala. Hala laburbildu du Isidro Esnaola aldundiko Zerbitzu eta Zerga Heziketako zuzendariak egitasmoaren helburua: "Era positiboan jendeari erraztasunak eman nahi dizkiogu, modu garden batean bere kontuak eraman ditzan".

Gipuzkoako 350 taxi gidarik martxan dute dagoeneko. Konpromiso bat hartu dute: beti faktura egin eta bezeroari ematea. Horretarako, terminal fiskala jarri dute autoan, eta faktura egitearekin batera, sarrerak zuzenean deklaratzen dituzte, Ogasunarekin konektatuta dagoen sistema baten bidez. Modu horretan, ekarpena egiten diote "ekonomia gardenari", eta aldi berean, "sinplifikazio handia" eragiten die sistema berriak: "Askoz ere erosoagoa da, ez dute urte bukaeran liburu bat bete beharrik haien eguneroko sarrerekin".

Taxilarien ondotik, beste sektore batzuetara zabaldu nahi du egitasmoa diputazioak: elikadurari lotutako saltoki txikietara, arropa eta oinetakoak saltzen dituzten dendetara, ile-apaindegietara... Dagoeneko eskutitzak bidali dizkie proposamenarekin, eta interesa jaso dute horietako batzuen aldetik.

Ez dago sektore horietako iruzurraren gaineko daturik, baina txikia izan arren, egon badago. "Zailtasuna dago salmenta horiek kontrolatzeko, eta sistema honen bidez posible da neurri batean kontrolatzea". Alderaketa egin du Esnaolak: kontsumitzailea beste enpresa bat denean, konplikatuagoa da diru sarrerak ezkutatzea, erosketa bere kontabilitatean agertzen baita. Harremana norbanakoekin denean, aldiz, ez da horren erraza. "Ekoizleek BEZarekin erosten dute, saltzen dute, baina zaila da jakitea benetan zer saltzen duten. Gerta daiteke fruta denda batean kopuru jakin bat zaborretara bota behar izatea".

Ekoizlearen edo saltzailearen borondatearen araberakoa ere bada. Egungo sisteman, salmenta batzuk ezkutatzeko programak egon arren, "suposatzen da" dendetako kutxetan erregistratuta agertzen direla egunean izan diren salmentak. Eta hala dela berretsi du Begoña Mujika saltzaileak. Oski jantzi eta oinetakoen denda du Tolosan, eta egunean eguneko salmentak biltzen doaz ordenagailuan: "Barra kodearen bidez, ordenagailuan erregistratuta geratzen da salmenta; horrekin tiketa egiten dugu, BEZa zehaztuta eta abar". Mujikak ez du aldundiaren egitasmoaren berri; edonola ere, aproposa irudituko litzaioke hura erabiltzea.

Terminalaren sistema beste sektoreetara zabaltzeko arazo nagusiena azpiegituran dator. Taxilarien kasuan sistema bera da guztientzat; saltokien kasuan, berriz, bakoitzak berea erabiltzen du, eta guztiak egokitu beharko lirateke. Hori zein modutan egin aztertzen ari dira orain, Esnaolak azaldu duenez: "Konplexua da, baina multzo homogeneo bat lortuko bagenu, errazagoa litzateke. Sistemak estandarra izan behar du, eta segurua".

Faktura eskatzea

Borondatea alde bikoa da. Ekoizlearen konpromisoa ez ezik, kontsumitzaileen borondatea ere beharrezkotzat jo du Esnaolak. Faktura eskatzeko ohitura hartu beharraz ari da: "Horrela lortzen da iluntasunean mugitzen diren diru sarrera horiek argiago izatea". Praktikan, ordea, ohitura hori ez dago errotuta hainbat kasutan. Judith Etxezarreta nutrizionistak Urnietako Kaizen zentroan egiten du lan, eta dioenez, bezeroek ez diete fakturarik eskatzen. "Suposatzen dut eskaintzen dugun zerbitzuan fakturarik ez ematera ohituak gaudela, eta jendeari lotsa pixka bat ematen diola eskatzeak". Ordenagailuan gordetzen dituzte emandako zerbitzuak, eta horrez gain, paziente bakoitzari bere fitxa egiten diote, ordenagailuari zerbait pasaz gero informazioa arriskuan ez jartzeko.

Aldundiak argi du ikuskatze lanak egitea beharrezkoa dela iruzurraren aurka, operazio handiak direnean, batik bat. Dena den, arazoari bide ezberdinetatik eutsi behar zaiola iritzi dio: eskoletatik hasita pedagogia eginez, publizitate kanpainekin, zergak borondatez betetzeko tresnak jarrita... Kontzientziatu eta sistemak sortu, iruzur egiteko bide horiek ixteko.

Europaren azpitik

Aldundiarentzat ez du balio "zenbat eta gutxiago ordaindu, hobe" filosofiak. Gizarte ongizate tasarik altuenak dituzten zenbait herrialdetan —Europa iparraldekoetan, esaterako— diru bilketa handiagoak gizarte prestazio handiagoak ekarri ditu; gainera, herrialde horien ekonomiak sendoagoak dira, diputazioaren arabera.

Zerga bilketa osoari erreparatuz gero, Europa mailako herrialdeen azpitik dago Gipuzkoa: 2000. eta 2012. urteen arteko epean presio fiskala %34,18koa zen Gipuzkoan, eta %40,25ekoa Europako Batasunean. Esnaolak azaldu duenez, hainbat faktorek dute eragina horretan: "Batetik, zergen araudia zorrotzagoa da, gehiago ordaintzen da, eta bestetik, kultura fiskala". Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kasuan, esaterako, eskala antzekoa da toki guztietan, baina kenkariak gutxiago dira beste leku batzuetan, askoz ere mugatuagoak. "Ahalmen gehiago dute biltzeko, eta iruzur gutxiago".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.