Lan bizitza arrunta amaitu gabe adio esateko ordua iritsi zaie CDNk Nafarroako Gobernuan zituen bi kontseilariei. Lanak izango dituzte Carlos Perez Nievas eta Jose Carlos Esparzak hain lan ona berriro lortzeko, UPNren erresuman behintzat. Beste kontseilari (ordezkari) ohi batek, Jose Ignacio Goirigolzarrik, ez du lana bilatzeaz arduratu beharko. BBVAk (-%0,20) 52,49 milioi euroko itsulapikoa sartu dio zorroan erretiroaren penak goxatzeko. Baina ez daitezela G20koak asaldatu, ez du kalte-ordainik jasoko; huraxe pentsio funtsa da. Polemikarik ez orduan. Bizkorra izan balitz, zati bat FCCren akzioak (%8,86) erosten gasta zitzakeen, Deutsche Banken txosten bati esker Madrilgo burtsako kutuna izan baitzen atzo. Alemaniarrek uste dute eraikuntzaren merkatua berpizteko zorian dagoela Espainian. Eraikuntzako beste enpresei helarazi beharko diete txostena, Accionari izan ezik (%1,13), ez baitzuten berri ona entzun: Ferrovial (-%0,17), Sact (-%0,08) eta ACS (%-0,03).
Caja Madridenbanka pribatuko (Altae) bi bezerok Lehman Brothersen bonoak saltzeko aukeraz galdetu zioten bankuari, Lehman Brothersek porrot egin baino hiru egun lehenago. Caja Madridek ez zien erantzun. Orain 114.000 euro ordaindu beharko dizkie.
General Motorsek Penske auto banatzaileari salduko dio Saturn marka. AEBetako bigarren auto banatzailea da Penske. Saturnen zerbitzuak, osagaiak eta banaketa operazioak erosiko ditu, baina ez lantegiak. GMk Hummer-entzako erosle bila jarraitzen du.
Aldez aurreko erretiroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu