Galerak aurreikuste hutsa ez da nahikoa arrazoi izango langileak objektiboki kaleratzeko, hau da, lan egindako urte bakoitzeko soilik 20 eguneko kalte-ordaina emanda bidaltzeko. Une jakin bateko galerak baino arrazoi sendoagoak beharko dituzte enpresaburuek; galerak egiturazkoak direla frogatu beharko dute. Hala jasotzen du lan merkatuaren erreforma garatzeko Espainiako Gobernuak prestatu duen zirriborroak.
Lan merkatua aldatzeko irailetik indarrean diren neurriek aukera hori ematen zien enpresaburuei. Enpresa bat egoera ekonomiko zailean egotea, behin galerak izatea edo izango dituela aurreikustea nahikoa motibo dela dio irailean onartutako lege testuak, bestelako argibiderik gabe. Erreformaren barruan onartutako punturik polemikoena izan zen. Langileak kaleratzeko orduan enpresaburuei erabateko askatasuna ematen ziela ikusi zuten sindikatuek. CCOOk eta UGTk ere, neurri handi batean, horrek bultzatu zituen irailaren 29rako greba orokorrera deitzera.
Kaleratze objektiboak justifikatzeko arrazoiak beranduago zehaztuko zituztela adierazi zuen orduan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak,enplegua erregulatzeko prozeduraren dekretuaren barruan egingo zutela. Hitzartutako egutegia betetzera, urtarrila bukatzerako onartuta egon behar luke dekretu horrek. Oraingoz zirriborroa baizik ez du prestatu gobernuak, eta atzo helarazi zien sindikatuei.
Kaleratze objektiboak trabatzeko erabakia Espainiako Gobernuak CCOOri eta UGTri egin dien keinu gisara hartu dute askok. Erreformen negoziazioak arintzea litzateke urratsaren helburuetako bat, pentsioenaz gain negoziazio kolektiboarena ere egiteke duelako oraindik. Eta Zapaterok egutegia betetzeko agindu zuen.
Aldi bateko galerek ez dituzte justifikatuko kaleratze objektiboak
Langileei kalte-ordain txikiagoa ordaintzeko, galerak egiturazkoak direla frogatu beharko dute enpresaburuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu