Aldi baterako erregulazioa Navalen, eta finkoak ez beste langile denak, kalera

Iraila amaitzerako soilik kontratu finkoa dutenek jarraituko dute ontziolan. Manuel del Dago inbertitzailearen aukera piztu da berriro

Ezkerraldeko lau alkateak Navaleko langileen ordezkariekin, atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
xabier martin
2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Naval hondoratzeko moduko olatuak harrapatu du, eta lehen biktimak langileak izan dira. Iraila amaitu aurretik, Sestaoko enpresa historikoak 50 bat behargin kaleratuko ditu, aldi baterako kontratudun denak, eta langile finkoak sei hilabeteko enplegu erregulazioan sartuko ditu. Zuzendaritzak atzo jakinarazi zuenez, «ez dago lan kargarik», eta halako erabakiak hartu behar dituela helarazi zien langileei; «likidotasun arazoen aurrean jendeak ezin du begira egon», esan zien. Hala kontatu zuten langile batzordeko kideek.

Dosierra onartu aurretik hiruzpalau bilera egin beharko dituzte aldeek bi asteko epearekin, baina Navalen jarduera gelditzen ari dela begien bistakoa dago; apenas dagoen jarduerarik oraintxe, nahiz eta lau ontzi dauden zain lan poltsan. Horietako bat zazpi hilabetean bukatuko dela aurreikusi dute. Besteak kolokan jarri ditu egungo egoera ilunak. Naval hornitzeari ere utzi diote enpresa batzuek, eta egoera muturrekoa bilakatu da epe labur batean. Oraingoz, 150 milioi euroko zorra harlauza handiegia gertatzen ari da inbertitzaileak erakartzeko, nahiz eta luze gabe arlo horretan albisteak egon daitezkeen.

Izan ere, Manuel del Dago enpresari akziodunak Naval eskuratzeko proposamena egingo duela kaleratu dute hainbat hedabidek, baina, aldi berean, zuzendaritzak «Del Dago ez dagoela eta ez daudela haren zain», esan du. Ikusteko dago oraingoan inbertitzaileak lortu ote dituen, eta benetako proposamenarekin datorren edo ez; aurreko hilean «denbora gehiago» eskatu zuen inbertitzaile espainiarrak. Proposamen zehatza balekar, kapital handitze baten bidez Naval eskuratzeko atea zabalduko luke Del Dagok.

Alkateak eta Madril

Bien bitartean, Bizkaiko Ezkerraldeko lau alkateekin batzartu ziren langile batzordeko ordezkariak, atzo. Alkateek Navalen aldeko jarrera argia har dezaten nahi dute beharginek, eta jendaurreko adierazpen bat egitea eskatu diete, Ezkerraldean Navalek duen pisu estrategikoa nabarmentzeko. «Udalbatzetan, alderdi guztiak bat etortzea da garrantzitsuena», esan zuten langileek. Batzordeak, ordea, esan du alkateak ez direla «hain argiak izan» hiru hankako mahaia eratzearen inguruko proposamenaren inguruan. Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza elkarrekin eseri eta ikusi nahi dituzten langileek; eurak lirateke hirugarren hanka. Alkateek ez dute formula hori erabat babestu, baina proposamena aztertzeko konpromisoa hartu dute.

Jaurlaritzak berak baztertu egin zuen mahai hori aurreko astean; Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak esan zuen «konkurtsorako ahalik eta ondoena prestatzeko abagunea» dela, eta, konkurtsoa aurrera doan heinean —urriaren 7an abiatuko da—, Naval ontziola historikoa salbatzeko abaguneak egon daitezkeela. Baina, aukera horiek esku pribatuetatik iritsi beharko dutela adierazi du Lakuak, eta,hori gertatzen bada, erakundeek eskainiko dutela laguntza.

Dena den, EAJk Navalen auziari buruzko posizioa argitzeko eskatuko dio Espainiako Gobernuari bihar, parlamentuan. EAJk Madrilek ere ontziolan bere ardurak dituela nabarmendu nahi duela ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.