Aldi baterako erregulazioak osatzeko laguntza datorren astetik aurrera eskatu ahal izango da

Ekainaren amaieran 65.000 langile zeuden oraindik lan erregulazioan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lanbidek emango ditu laguntzak: 150 euro gehienez.

Bilboko taberna bateko zerbitzari bat. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 22a
16:21
Entzun

Loli Garcia EAEko CCOOko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, datorren astetik aurrera eskatu ahal izango dira enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente batean dauden langileen soldatak osatzeko Eusko Jaurlaritzak emango dituen laguntzak.

Osagarria jasoko dute hilean 1.666 eurotik beherako kotizazio oinarria edo urtean 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileek. Gehienez, 150 euro izango dira. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 40.000 pertsona ingururi eragingo die neurriak, eta 15,4 milioi euro jarriko ditu horretarako. Lanbideren arabera, aldi baterako erregulazioan egondako langileen %40 inguru zeuden egoera horretan ekainaren amaieran: 10.661 Araban, 31.937 Bizkaian eta 22.114 Gipuzkoan. Lanbideren webgunean eskatu ahal izango dira laguntzak.

Ekainaren 18an adostu zuten neurria EAEko Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko kideek, eta asteazken honetan berretsi dute. Mahai horretako kide dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Confebask eta CCOO eta UGT —ELAk eta LABek utzi egin zuten, propagandistikoa zela iritzita—.

Urrira arte

Garciak «oso positibotzat» jo du mahaiko kideek orain arte egin duten bidea. Legegintzaldiko azken bileraren inguruan, Garciak azaldu du kide guztiek ontzat jo dutela txosten bat egitea, hurrengo gobernuak ere jakin dezan zein puntutan geratu diren lanak.

Aurrera begira, gogoratu du adostutako egitasmoak garatu behar dituztela. Hala, azpimarratu du aldi baterako erregulazioak osatzeko akordioak eskatzen duela batzorde bat sortzea, eta irailetik aurrera berrikusi beharko dela osagarri horrekin zer egin, soilik hil horren amaierara arte luzatu ahalko baitira COVID-19arekin loturiko aldi baterako erregulazioak, egun Espainiako Gobernuak zehazten duen moduan.

Gogoratu du, halaber, Mahaiko kideek berdintasun plan pilotu bat adostu dutela halako plan bat egitera behartuta ez dauden enpresetan ezartzeko, baina hori oraindik ez dutela garatu. Era berean, azpimarratu du EAEko Industria Plana egin gabe dagoela.

Hori dela eta, «premiazkotzat» jo du ahalik eta azkarren osatzea Jaurlaritza eta Legebiltzarra, akordio horiek guztiak aurrera eramateko. Zehaztu duenez, CCOOri ez zaio «hainbeste interesatzen» gobernuaren osaera, «baizik eta gobernu horrek zer politika egiten dituen».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.