Lan egindako urte bakoitzeko, gutxienez hogei eguneko soldata jaso beharko dute kaleratutako langileek, auzitegiak ebatzi duenez. Gaur egun, Espainiako legeriaren arabera, aldi baterako kontratua dutenek zortzi eta hamabi egun bitarteko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dute, eta ez dute kalte-ordainik kobratzen behin-behineko ordezko beharginek.
"Langile batek bere zerbitzuak behin-behineko ordezko kontratu baten arabera eman izana ez da arrazoi objektibo bat hari kalte-ordain eskubidea ukatzea justifikatzeko", auzitegiak adierazi duenez. Ebazpenari ezin zaio helegiterik jarri.
Ana de Diego Porras Espainiako Defentsa Ministerioko langileari eman dio arrazoia Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Irailaren 14koa da ebazpena, eta bertan dio aldi baterako kontratuak dituzten langileek ezingo dutela tratu ezberdina jaso kontratu finkoa duten langileek jasotzen dutenekiko, "arrazoi objektiboengatik justifikatuta ez badago".
Zehazki, epaileek uste dute Espainiako araudiak urratu egiten duela aldi baterako lanaldiaren akordio markoaren 4. klausula.
Sindikatuak, pozik
Espainiako sindikatuek begi onez hartu dute Luxenburgoko auzitegiaren erabakia. "Epai ona da, garbi uzten baitu lan harremanetan berdintasuna dela irizpide nagusia", azaldu du Ramon Gorriz CCOOko Ekintza Sindikaleko arduradunak. Legea berriro moldatzeko sindikatuekin hitz egin behar duela esan dio Gorrizek Madrilgo gobernuari.
Ildo beretik mintzatu da UGTko Gizarte Politiketako idazkaria, Mari Carmen Barrera. "Oso gustura" daude epaiarekin, sindikatuei arrazoia ematen dielako. UGT aztertzen ari da epaiak atzerako eragina izan ote dezakeen. Hala balitz, azken urteotan Hego Euskal Herrian kalera joandako milaka langilek kalte-ordain handiagoak eskatu ahal izango lituzkete. Barrerak, ordea, onartu du zaila dela.