Zerga sistema

Aldundiek iaz baino 488 milioi gehiago bildu dituzte zergetan

Urrian kalkulatutakoa baino 83,5 milioi gehiago jasotzea lortu dute.

Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera, iazko urrian. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 21a
13:42
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek guztira 15.469,5 milioi euro bildu dituzte zergetan. Inoizko kopururik handiena da, 2018ko marka (14.981 milioi euro) aise gainditzea lortu baitute. Azkenean, igoera %3,25ekoa izan da. 

Urte hasiera ez zen bereziki ona izan, eta aldundiak hazkunde helburua ez betetzeko arriskuan izan ziren. Zehazki, 15.265 milioi eurora iritsiko zirela kalkulatu zuten hasieran. Udaren amaieran, ordea, bilketak goranzko joera hartu zuen, eta urriko Finantzen Euskal Kontseiluan bilketa handiagoa izango zela iragarri zuten: 15.386 milioi euro. Datu hori motz utzi dute azkenean, 15.469,5 milioirena izan baita bilketa.

Bizkaiak bildu du diru gehien: 7.995,1 milioi euro, Gipuzkoari (960 milioi) eta Arabari (281 milioi) egin behar dizkien egokitzapenak kontuan hartu ondoren; bilketa %3,25 handitu da.

Gipuzkoak, berriz, 5.024,1 milioi euro jaso ditu, 2018an baino %3,9 gehiago. Bilakaera positiboa izan dute errenta zergak (%+5,3), eta zerga bereziek (+%10,6), eta apalagoa BEZak (+%1,8) eta sozietate zergak (+%0.8).

Arabari dagokionez, 2018an baino 46,2 milioi gehiago jaso ditu (+%1,92). Guztira, 2.450,3 milioi euro izan dira. Gipuzkoan ez bezala, sozietate zergaren kanpainak emaitza ona eman du (+5,26), eta kaskarragoa errenta zergak (+%0,4).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.