Alemania %3 hazi da, baina atzeralditik gertu dago

Hungaria zigortzeko mehatxuarekin estreinatu ditu Bruselak defizita kontrolatzeko eskumen berriak

Iker Aranburu.
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Alde bateko zein besteko irakurketa egiteko moduko datuak eman zituen atzo Alemaniako estatistika bulego federalak. Haren arabera, Alemaniaren barne produktu gordina (BPG) %3 handitu zen iaz, euroguneak edo AEBek egingo dutenaren halako bi. Baina hazkundearen zatirik handiena urte hasierari dagokio, udaz geroztik indarra galtzen aritu delako, urteko azken hiruhilekoa %0,25eko uzkurtzearekin bukatzeraino. Aurtengorako ere hazkunde apala espero dute: Bundesbankek %0,6ko hazkundea espero du aurten eta %1,8koa 2013an.

Uste zabalduaren aurka, hazkundea ez zaio hainbeste esportazioei zor, doi-doi handitu direlako inportazioen gainetik. Eragin handiagoa izan dute inbertsioak —%8,3 handitu dira— , edo kontsumo pribatua %1,5 hazi izanak —azken bost urteotako kopururik handiena—.

Zalantzarik ez dago defizitaren eta enpleguaren emaitzak epaitzerakoan, bata zein bestea onak direlako. Hazkundeari ezker, langabezia %7,1etik %6,6ra jaitsi da urtebetean, eta 41 milioilagun zeuden lanean abenduan, urtebete lehenago baino 535.000 gehiago eta kopururik handiena duela hogei urte herrialdea batu zenetik.

Langabezia jaisteak hari lotutako gastuak murriztu eta zerga bilketa handitu duenez, administrazioek dirua baliatu dute defizita gutxitzeko: BPGaren %1ekoa izan da (26.700 milioi), 2010eko %4,3koaren oso azpitik (105.860milioi).Datua bereziki esanguratsua da Angela Merkelentzat, krisitik atera ahal izateko lehentasuna eman diolako defizitak murrizteari, eta auzoei inposatu dien diziplina fiskalaren etsenplua eman ahal izan duelako.

Merkelen keinua Italiari

Ildo horretan, kantzilerrak keinua egin zion atzo Italiari. Mario Monti hango lehen ministroarenaurrean, Merkelek goraipatu egin zituen Erromak defizita kontrolatzeko eta zor publikoa gutxitzeko iragarri dituen «neurri izugarri garrantzitsuak». Frantziarekin osatzen duen bikoteari egiten zaizkion nagusikeria salaketei aurre egiteko, Italia estatu erabakitzaileen taldean sartu zuen. Trukean, Montik goraipatu egin zituen Merkelen tesiak. Diziplina fiskala «errezetarik onena da», esan zuen, eta baztertu egin zituen «zorra eta inflazioa zor ditzaketen» epe laburrerako neurriak.

Merkelen txalorik ez du jasoko, ordea, Hungariak. Europako Batzordeak Egonkortasun Ituna bete egiten dela zaintzen du abenduaz geroztik, eta atzo, eskumen horretan oinarrituta, zigortzeko mehatxua egin zion Hungariako Gobernuari. Budapestek aurkeztu dizkion kontuetan %3tik azpiko defizita azaltzen da, baina Olli Rehn Ekonomia komisarioaren arabera, datu horiek makilatuta daude; benetako zuloa %6 ingurukoa da. Hungaria eurogunean ez dagoenez, Bruselak ezin dio isunik jarri, baina diru laguntzak ken diezazkioke. Hungariako konstituzio berriak ere ez du Bruselaren oniritzirik, besteak beste, banku zentralaren independentzia auzitan ikusten duelako. Puntu hori aldatzeko prest azaldu zen atzo Budapest.

Belgikari, Maltari, Zipreri eta Poloniari ere espedientea ireki die Batzordeak, baina hango gobernuek defizita murrizteko neurriak hartu dituztela ebatzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.