Alemaniako Gobernuak EBZ babestu du, eta oposizioak eurobonuak nahi ditu

Sigmar Gabriel SPDko presidenteak uste du herrialdeek «partekatu» egin behar dutela zorraren erantzukizuna

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Alemanian tabua da eurobonuen alde hitz egitea. Angela Merkel kantzilerrak eta haren koalizio gobernuko alderdiek behin eta berriro egin dute eurobonuen kontra, euroguneko herrialdeek zor bonu bateratuak jaulkitzeak Alemania zorragatik gehiago ordaintzera behartuko dutelako. Gobernuko alderdiak ez, baina oposizioko alderdi nagusia, SPD sozialdemokrata, eurobonuen alde dago.

Euroguneko herrialdeen zorraren erantzukizuna «partekatu» egin behar dela esan du Sigmar Gabriel SPDko presidenteak. Zergatik? Merkelek eta Alemaniako Gobernuak gidatutako erreskate politikek «huts egin dutelako». Gabriel eurobonuen alde dago, baina alderdiko zuzendaritzaren babesa behar du proposamena hauteskunde programan sartzeko. Gabrielen esanetan, eurobonuak ez lirateke musu truk izango, herrialdeen aurrekontuen kontrol zorrotzaren truke baizik.

Alemaniako Gobernuak eurobonuak ez, baina babestu egin du EBZren asmoa berriro zenbait herrialdeen zorra erosten hasteko. Bundesbank, Alemaniako banku zentrala, kontra dago. George Streiter Alemaniako Gobernuko bozeramailearen esanetan, «EBZ egiten ari den eta egingo duen guztia bere eskumenen barruan dago».

Banku batasuna, irailean

Europako Batzordeak irailaren 11n aurkeztuko du banku batasuna sortzeko proposamena. Batasunaren bitartez euroguneko finantza erakunde guztiak arautu eta gainbegiratu nahi dituzte. Irailean aurkeztu, abenduan onartu eta 2013tik aurrera jarri nahi dute indarrean. Europako Banku Zentrala (EBZ) arduratuko da finantza sistema gainbegiratzeaz. Zehazteko dago ea Europako Banku Agintaritzak ze funtzio izango dituen.

Banku batasuna indarrean jarritakoan eman ahal izango die ESM erreskate tresna iraunkorrak laguntza zuzena finantza erakundeei. Espainiako Gobernuak banku batasuna lehenbailehen indarrean jartzea nahi du, bankuentzako erreskatea zuzena izateko eta berak erreskatearen ardura bere gain hartu behar ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.