Kirol txapelketekin kutsatuta edo, garaileen eta garaituen arteko harremanaren arabera interpretatzen dira sarritan Europako Batasuneko goi bileretako emaitzak. Joan den ekainean, Espainiaren eta Italiaren tesiak nagusitu zirela izan zen usterik zabalduena, finantza erakundeen kapitalizazio zuzena eta erreskate funtsek zor publikoa erosi ahal izateko konpromisoa atera zutelako. Bueltako partida azken bi egunetan jokatu da, ordea, eta horretan Alemaniak kontraerasoa jo eta galdutakoa berreskuratu duela esan liteke.
Politika ez denez partida hutsa, jokoz kanpo geratu eta dena galdu duten itxurarik gabe bueltatu ahalko dira goi bileran parte hartutakoak. Banku batasuna ez da gelditu, egia da, baina prozesu guztia Alemaniari komeni zaion moduaren eta egutegiaren menpe geratu da. Gogoan izan behar da, gainera, Alemania ez dagoela ez bakarrik ez bakartuta Europako Kontseiluetan. Askotan ahaztuta geratzen diren arren, aliatu fidelak ditu Austria, Herbehereak eta Finlandia. Bloke gogorra osatzen dute denek batera.
Zeintzuk izan dira Europako Kontseiluaren ondorioak? Bere bidea jarraituko du banku batasunak, eta horren giltzarria, finantza erakundeen ikuskaritza bateratua, nolakoa izango den finkatuko duen araudia 2013. urtea hasten denerako gertu izatea da orain helburua. Beste kontu bat da ikuskaritza hori —EBZren esku egongo da— noizko izango den praktikoa eta eraginkorra, eta noiz hartuko duen EBko 6.000 finantza erakundeak kontrolatzeko ardura. Ez zaio eperik jarri, Alemaniak nahi zuen gisara. Datorre urtean hasiko da lanean, hori baino ez dute argitu.
Banku batasuna martxan jartzeko ezinbestekoa da ikuskaritza bateratu bat sortzea, baina ez da pieza bakarra. Batasun hori benetakoa izan dadin, Europarako bi tresna sortu beharko dira: bezeroen gordailuak bermatzeko funtsa eta arazoak dituzten bankuak likidatzeko funtsa. Horiei buruz ez dago ezer kontseiluko ondorioetan. Bi horiek martxan jartzen direnean nolabait finantza arriskuak partekatuko dituzte EBko bazkideek, eta hori, gaur- gaurkoz, gehiegizkoa iruditzen zaie Angela Merkel eta haren aliatuei.
Ekaineko bileran zintzilik geratu zen beste auzi bat ere nahiko argi geratu da, orain arte aski azalduta ez bazegoen. Erreskate funts iraunkorrak ezin izango ditu arazoak dituzten finantza erakundeak zuzenean kapitalizatu ikuskaritza «eraginkorra» dagoen arte. Alegia, 2014. urtea arte gutxienez. Gainera, Merkelek atzo galarazi egin zuen Espainiak eta Irlandak kapitalizazio horri esker euren zorpetze zama arintzeari buruzzuten itxaropena: «Ez da atzera begirako kapitalizaziorik izango Espainiako bankuentzat». Haren helburua etorkizuneko finantza suteak amatatzea izango da, gaur egungo suak itzalita ez dauden arren.
Erreskatea, «presiorik gabe»
Bankuentzat behar duen dirua bere zorpetzearen motxilan ez sartzeko aukera nahi zuen Espainiako gobernuak. Atzo, ordea, Mariano Raxoi presidenteak garrantzia kendu nahi izan zion bide hori itxi izanari. «Ez da hori gobernuaren buruhauste nagusiena». Ehun mila milioi euro arteko laguntza baimenduta dauka, baina soilik 40.000 milioi erabiliko dituela uste du, BPGaren %4. Zorpetzea beste hainbeste igoko da.
Goi bileran ez duela inorekin erreskateari buruz hitz egin ziurtatu zuen Raxoik. Eskatuz gero noiz esktuko den erabakitzea berari soilik dagokiola esan zuen. «Ez dut presiorik onartuko. Erabakiak interes orokorraren defentsan hartu behar dira».
Alemaniaren neurrikoa
Banku batasunerako bere egutegia aurrera atera du Merkelek, eta erabat baztertu du orain bankuak zuzenean kapitalizatzeaRaxoik ziurtatu du erreskateari buruzko azken erabakia berari soilik dagokiola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu