Alemaniaren zalantzek airean utzi dute konbustio autoak debekatzeko legea

Estatu kideak gaur ziren bozkatzekoak, baina atzeratu egin behar izan dute hitzordua. Italia, Polonia eta Hungaria ere kontra azaldu dira

Ursula Von der Leyen eta Olaf Scholz igandean, Berlinen. HANNIBAL HANSCHKE / EFE.
aitor biain
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Azken pausoa baino ez zen falta; tramite huts bat, itxuran. Baina dena airean dago orain. Europako Batasuna gaur zen onartzekoa 2035etik aurrera praktikan errekuntza motorreko auto berrien salmenta debekatuko duen legea, baina kontseiluak gaurko deitua zuen hitzordua atzeratu egin behar izan du, araua onartzeko berme nahikorik ez duelako. Izan ere, zalantzak agertu dituzte zenbait herrialdek azken unean; tartean, Alemania.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin elkartu zen herenegun, korapiloa askatzeko asmoz. Izan ere, Berlinen ezezkoak alarma guztiak piztu ditu Bruselan. Bileran ez zuen hura konbentzitzerik lortu, baina bi aldeek hitz egiten jarraitzeko konpromisoa hartu zutela berretsi zuen. «Elkarrizketa eraikitzaile batean gaude», esan zuen. Baikor azaldu zen Scholz ere, baina bozketak datarik gabe jarraitzen du oraingoz.

Alemaniak berme gehiago nahi ditu erregai sintetikoak darabiltzaten autoak debekutik kanpo gera daitezen. Salbuespen horri esker, autogintza sektoreak denbora irabaziko luke, elektrifikaziorako trantsizioa atzeratu egingo lukeelako. Izan ere, hala balitz, errekuntza motorreko autoak ekoizten jarraitzeko aukera izango lukete 2035etik aurrera ere, elektrikorako edo hidrogenorako urratsa egin beharrean. Erabakigarria da hori auto ekoizle handientzat, hain zuzen ere, eta testuinguru horretan ulertu behar da Berlinen erabakia.

Volker Wissing Alemaniako Garraio ministroak ere lau haizeetara zabaldu zuen eskaria sare sozialetan, hilaren hasieran. 2035etik aurrera ere klima errespetatzen duten materialak erabiltzeko aukerari eutsi behar zaiola azpimarratu zuen, «isurketak murrizten» lagunduko dutelako. Eta «beharrezkoak ez diren debekuak» ez ezartzea galdegin zion Bruselari, autogintza sektorearentzat arriskutsuak izan daitezkeelako.

Bada, hari erantzunez, Von der Leyenek adierazi zuen bat egiten duela aukerak aztertu beharrarekin. Baina ohartarazi zuen erabakiak ezin dituela oztopatu Batasuneko klima helburuak. 2030 urterako karbono isuriak %55 murrizteko helburua adostu zuten herrialdeek iaz.

Elektrikoen apustua

Bruselak auto elektrikoen aldeko apustua egin nahi du hurrengo urteetan. Legeak ez du zehazki halakorik adierazten; aitzitik, 2035. urtetik aurrera Europako Batasunean saltzen diren auto berrien karbono isuriak %100 murriztuarazten ditu soilik. Hala ere, Batzordeak konpromisoa hartu zuen «erregai neutroa» darabilten ibilgailuen inguruan proposamen bat egiteko. Bada, puntu horretan sartu nahi du Alemaniak erregai sintetikoen salbuespena.

Edonola ere, proposamen hori legea onartu ondoren egingo luke Bruselak, eta hori, gaur-gaurkoz, airean dago. Izan ere, Alemania ez ezik, Italia, Hungaria eta Polonia ere debekuaren kontra azaldu dira, eta helburuak «leuntzeko» eskatu dute.

Europar Kontseiluan estatu kideek berrestea falta da, hain zuzen ere. Batzordearen proposamena iazko ekainean onartu zuten Batasuneko Ingurumen ministroek, eta otsailean jaso zuen Europako Parlamentuaren oniritzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.