Lan gatazkak

Alfa Precision Casting zigortu dute, greba eskubidea urratzeagatik

Eibarko epaitegiak esandakoa betetzeko eta jarrera aldatzeko eskatu dio langile batzordeak Alfa Precision Castingi.

Alfako langileen elkarretaratzea, auzitegi aurrean. @LABINDUSTRIA
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 10a
07:53
Entzun

Greba mugagabearen 134. egunean ailegatu da albistea: Eibarko epaitegiak zigortu egin du Alfa Precision Casting, greba eskubidea urratzeagatik. LABek azpimarratu du epaiak berretsi egin duela langile batzordeak behin eta berriz salatutakoa: grebalarien lanpostuak lanean jarraitzen duten beharginekin betetzen ari dela.

Epaiaren arabera, enpresak honako urraketa hauek egin ditu: batetik, lanean zeuden langileak lanpostuz aldatu ditu, lau hilabetez, grebalarien lanpostuak ordezkatzeko eta grebaren eragina zapuzteko; bestetik, opor egunetan ere lanean jarri ditu langile horiek; azkenik, APCko greba batzordearen eskubideak urratu ditu, haren lana oztopatuz eta askatasun sindikala mugatuz.

Langile batzordeak epaia betetzeko eskatu dio konpainiako zuzendaritzari, baita "jarrera guzti horiek alde batera uzteko" ere. Halaber, "zuzenketa publiko bat" egiteko eskatu dio Eibarko alkateari, Migel de los Toyosi. Izan ere, LABek gogora ekarri ditu De los Toyosek duela hilabete egindako adierazpenak: "Enpresaren asmoen eta eskirolen aldeko jarrera irmoa azaldu zuen. Horregatik, azken gertaerak kontuan hartuta, zuzenketa publiko bat eskatu nahi diogu".

Batzordeak Eusko Jaurlaritza ere kritikatu du, lan gatazkan eskurik ez duela hartu leporatuz. "Guztiz lotsagarritzat" jo dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren jarrera. "Uzikeria eta arduragabekaria" leporatu diote.

Gatazka luzea

APCko langileek lau hilabate daramatzate borrokan, greba mugagabean. Zuzendaritzak likidaziora eraman zuen Alfaren APC adarra abendu hasieran. LABek gogora ekarri du mahai gainean jarraitzen duela 131 langile kaleratzeko lan erregulazio espedienteak. Gainera, kontsulta epea martxoaren 20an amaitu zen. "Administratzaile konkurtsalek egiten dituzten planteamenduek ez dituzte langileen eta batzordearen eskakizunak betetzen, eta horrez gain, inbertitzailearen inguruan helarazi dizkigutaen informazioak zalantza ugari sortu dizkigute", azaldu du langile batzordeak. Hori dela eta, planteamendua "moldatzeko" eskatu dio administratzaileari, eta "inbertitzaileekin harreman zuzena izatea", proiektu industrialaren gaineko informazio zehatza izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.