Merkatari txikiek ez dute zalantzarik: turismo guneetako saltokien ordutegiak liberalizatzeko neurria kalterako da. Neurriaren atzean interes ekonomiko eta higiezinak ikusten dituzte, gainera. Hala dio Bitor Lizarribarrek (Oiartzun, 1962), Gipuzkoako Dendartean elkarteko lehendakariorde eta Euskaldendak merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen federazioko presidenteak. Lizarribarrek argi du handien mesederako araudia dela; "merkatari txikiak poliki-poliki desagertzera eramango dituen neurri bat gehiago".
Uztail eta abuzturako proposatzen dute turismo guneetako ordutegiak liberalizatzeko neurria. Zer iritzi duzue Gipuzkoako Dendartean elkartean horren gainean?
Jaiegunetan saltokiak zabaltzeko ahalegina ez da berria, orain hamar urte hasi ziren legedian horretarako moldaketak egiten. Orain ere moldaketa egin dute hori lortze aldera. Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat eragilek behin eta berriz esan dugu ez dugula jaiegunetan dendarik zabaldu nahi, ez dugula beharrezkoa ikusten. Azalera handiko enpresek bultzatu nahi dute neurri hori, eta, gure ustez, Eusko Jaurlaritza horretan laguntzen ari zaie. Espainiako Estatuko legea dela esaten du azken horrek, horretan babesten da, baina kontua da merkataritzan eskumenak Eusko Jaurlaritzarenak direla, eta, beraz, esan ahalko luke jaiegunetan ez direla zabalduko saltokiak. EAEko eragile indartsuenok ezetz esan dugu.
Kontsumitzaileek ere esan dute jaiegunetan saltokiak zabaltzearen kontra daudela. OCU kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeak egindako inkesta baten arabera, %90ek baino gehiagok erantzun zuten ez zutela beharrezkoa ikusten dendak jaiegunetan zabaltzea. Bai kontsumitzaileek, bai sindikatuek eta baita merkatari txikiok ere esan dugu ez dugula zabaltzerik nahi.
150 metro baino gutxiagoko saltokiek badute zabaltzeko aukera, ezta?
Hala da, 150 metrotik beherako dendek irekitzeko aukera badute nahi dutenean. Galarazia dute hortik gorakoek. Baina komertzio txikietakook ez dugu zabaltzen, salmentarik ez dagoelako edo gure bizi-baldintzak diruaren aurretik jartzen ditugulako. Familia, lagunarte eta gizarte kontziliazioa egiteko aukera bakarra jaiegunak ditugu, eta baliatu nahi ditugu. Argi dugu jaiegunetan ez dugula zabaldu nahi; jaiegunetan jai egin nahi dugu.
Ezezko borobila eman badio gehiengoak, zergatik tematu orduan jaiegunetan zabaltzearekin?
Handien mesederako. Malgutasun handiagoa dute langileak hartzeko, presioa eragiteko. Neurriaren atzean higiezinen espekulazioa eta interes ekonomikoak daude. Enpresa handiei alfonbra gorria jarri nahi diete, erakartzeko. Bilboren kasuan, aurretik aipatu dudan guztia argi dago.
Zertan ari zarete Dendartean elkartean neurriari aurre egiteko?
Hor gabiltza bulegoz bulego, legebiltzarrean ere izan gara, eta alderdi politiko guztiekin bildu gara gure iritzia azaltzeko. Beraiekin biltzen garenean arrazoia ematen digute, baina gero ikusten dugu Eusko Jaurlaritzak batez ere kontrakoa bultzatzen duela, eta gainontzekoek isildu edo ezer gutxi esaten dutela. EAEn, PPk izan ezik, gainontzeko alderdi politiko guztiek esan dute jaiegunetan zabaltzearen kontra daudela, Eusko Jaurlaritza barne.
Eta zein da egoera Donostian?
Donostiak Madrilgo legea bete du, baina inongo eraginik gabe. Parte Zaharrean ezarri dute, eta bertan 150 metrotik gorako saltoki bakarra dago. Denda txikiengan ez du eragiten, eta, gainera, ez die ematen handiei sartzeko inongo aukerarik. Guri ez zaigu legea batere gustatzen, baina Donostiak min handirik eragin gabe bete du behintzat. Bilbon ez da horrela, min handia ematen ari da.
Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri dio neurriari...
Bai, baina gure presioak eragin du, hasiera batean ez zuelako inongo asmorik helegitea jartzeko. Batzuetan baietz esaten du, babesten gaituela, eta ez dagoela jaiegunetan zabaltzearen alde, baina presiorik sumatzen ez badu, isildu egiten da. Teorian, behintzat, konpetentziak Eusko Jaurlaritzarenak dira; orduan zergatik ez ditu defendatzen behar den bezala? Zortzi jaiegunetan zabaltzeko neurria ere Madrildik iritsi zen. Non daude eskumenak? Neurria Madrildik heltzea Eusko Jaurlaritzari ongi datorkiola uste dugu, eta jaiegunetan saltokiak irekitzearen alde dagoela.
Zein da Gipuzkoako komertzio txikiaren egoera gaur egun?
Krisia latza da denentzat; egoera txarra da. Azpisektore batzuetan okerragoa da, jantzi denda, osagarri denda eta etxeko osagaien saltokietan, adibidez. Asko jaitsi da. Konpetentzia latza dago, bestalde, eta batetik ez badator bestetik dator kolpea. Finantza abantailei dagokienez, adibidez, kredituak %7,5era jartzen dizkigute guri, eta Iberdrolari, berriz, %2ra. Denda txikiak desagerrarazten dituzte gero handiak sartzeko.
Kontsumitzaile eta erabiltzaileei eskaera bereziren bat egin diozue elkartetik?
Krisiarekin ohartu gara jendeak kontuan hartzen duela dirua nori ematen dion. Hauteskundeetan, botoaz aritzen gara, baina botorik garrantzitsuena dirua da. Geroz eta jende gehiagok begiratzen dio erosiko duen produktu hori non egina den. Badakite Txinan egina bada lana haientzako dela eta ez guretzat. Jabetzen dira bertako produktua bada hemengo jendeari ematen diotela lana. Alde horretatik, deia egin nahiko nieke dirua gastatzerakoan pentsa dezaten nori eman nahi dioten diru hori, enpresa handi bati edo enpresa txiki bati. Erabakitzeko garaian gaude, eta honekin ere erabakiak hartu behar dira. Gutxi bada ere, gauzak alda ditzakegu denok norabide berean eginda.
Boterean dauden horiei beldur izugarria ematen die jendea ez kontrolatzeak, jendeak bere erabakiak hartzen dituela ikusteak... Dirua non gastatu erabakitzea, enpresa handi edo txikietan; ingurumena edo gizartea zaintzen duten saltokiak kontuan hartzea, iraunkortasunarekin ongi jokatzen duten saltokiak aukeratzea, gizartearekin zuzen jokatzen dutenak... Halako erabaki txikiak hartuta gauzak alda daitezke.