Lau eskaintza daude Fagorren Frantziako adarra (FagorBrandt) erosteko, baina bat nabarmentzen da: Cervitalena. Aljeriako enpresa taldeak «etxekotresnen eragile erregional» bat sortu nahi du Afrika iparraldean, Ekialde Hurbilean eta Europan, eta FagorBrandten sei lantokietatik lau nahi ditu horretarako: Vendomeko eta Saint Jean de la Ruelle-Orleansko fabrikak, Rueil Malmaisongo egoitza nagusia, eta Cergyko konponketa tailerrak.
Eskaintza horrek FagorBrantden 1.800 lanpostuetatik 1.200 gordeko lituzkenez, «sozialki eta industrialki onena» dela onartu du Arnaud Montebourg Frantziako Berrindustrializazio ministroak. Baina are hobea izateko presio egingo dio. Tartea du horretarako, FagorBrandten konkurtsoa daraman Nanterreko auzitegiak ez baitu otsailaren 13ra arte erabakirik hartuko. Egun hori iritsi bitartean Espainiako Industria ministroarekin eta «euskal gobernuaren buruarekin» hitz egingo du Montebourgek, «marken lapurreta eragozteko eta taldearen salbamendua hobeto bermatzeko».
Markena gai korapilotsua da. FagorBrandtek Frantziako merkatuaren %14 zuen geratu zutenean, izen ona duten hainbat marken bidez (Brandt, De Dietrich, Sauter, Vedette...). Marka horien jabea Fagorren Irlandako adarra da, eta haren gaineko eskuduntza Donostiako epaitegiak du orain. Marka horiek erabiltzeko akordioa lortu beharko dute jabe berriek administrazio judizialarekin.
Beste hiru eskaintza ere izan dira: AEBetako Sun Capital funtsak hiru lantoki (Saint Jean de la Ruelle, Rueil eta Cergy) eta 700-1.000 lanpostu salbatuko lituzke; Variance Technologiek Vendeek departamenduko bi fabrikak (La Roche sur Yon eta Aizenay) eta 400 langileetatik 207; eta Selni motor elektrikoen egileak La Roche sur Yongo fabrika eta 240 lanpostu.
Baliteke eskaintza horien konbinaketa batek aurrera egitea, azken biak bateragarriak baitira Cervitalek egindakoarekin.