Joaquin Almunia bilbotarrak badaki eta garbi esan du: «Krisi honetatik ikasi behar dugu». Beharrik. Akzio azoketan maximoz maximo ibili arren, Bilbao-2000 ez dago oraindik jaio zeneko mailan. Bestalde, inertzia puntu batek lagundu zien gure indizeei, Erreserba Federala eta G-20ren bileren atarian, beste igoeratxo bat lortzeko. Baina Strauss Kahn Frantziako ministro ohiak ere tunelaren bestaldeko argia ikusi badu, zerbaitegatik izango da. Oraingoz, finantza merkatuak gainbegiratzeko arduradun berri eta indartsuagoak iragarri dituzte, Europako Batasunean nahiz AEBetan. Presa, uholdea joan eta gero. Akzio zehatzetara etorrita, 1.800 milioiren salerosketa izan zen atzo, eta zenbait analistek 14 euroan ikusten du Santander (+%1,17) epe laburrean; oraingoz, 11,2 euroan da, atzoko igoeraren eragile nagusia. Bolsas y Mercados (+%3,92) bera, zuzenean mesedetzen du akzioen prezio igoerak. Bolumen handiagoa, negozioa ere berdin.
BBVA. Akziotan bihurgarriak diren 1.000 milioi euroren zorra jaulkiko du BBVAk (+%0,53). Gordailu itxuran hasten dena, %5eko errentagarritasunarekin, etorkizuneko prezioa errespetatuko duen akziotan bihurtzen da. Kapital handitzea, atzeratua.
Senatua. Mailegu hipotekarioen baldintzetan gehiegikeriak egin ote diren azter dadin eskatu du Espainiako Senatuak, PPk eskatuta. Gutxienezko interes tasa edo floor delakoak, berbarako; urtebeterako Euriborrak inoizko maila apalenerantz jo duen bitartean.
Almuniak bai jakin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu