Negoziazio biziak izan dira Espainiako Gobernuaren barruan, eta, azken berrien arabera, ados jarri dira Jose Luis Abalos Garraio ministro sozialistaren taldea eta Unidas Podemos. Horrela, biharko Ministroen Kontseiluak dekretu proposamena onartuko du, koronabirusak eta larrialdiak kalte egindako maizterrei laguntzeko neurriekin.
Sei dira akordioaren puntu nagusiak. Etxegabetzeei dagokienez, familia «zaurgarriak» babestuko dira. Beste bizitokirik topatzeko aukerarik ez duten familia kalteberen etxegabetze prozedurak eten egingo dira, alarma egoera amaitzen denetik hasi eta sei hilabeteko tartean.
Beste erabaki bat iraungitzear edo aldatzear zeuden alokairu kontratuei buruzkoa izango da. Lehen etxebizitzako alokairu kontratuentzat aparteko sei hilabeteko luzapen bat ezarriko du gobernuak. Horrek esan nahi du, besteak beste, datorren urte erdian etxejabeek alokairurik ezingo dietela igo maizterrei, alokatutakoa haien lehen etxebizitza bada.
Interesik gabeko mikromaileguak izango dira alokairuak ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko beste modu bat. Maizter zaurgarriek interes eta komisiorik gabeko mikromaileguak eskatuko ahalko dituzte. Sei urteren buruan itzulita izan beharko lukete mailegu hori, baina ezin izan badute, lau urteko beste epe bat gehituko zaie.
Dena den, berez zaurgarritzat joko ez liratekeen maizterrentzat ere zabalduko da mikromaileguen bidea, hala nola langabezian daudenentzat, aldi baterako erregulazioan daudenentzat, eta sarrera jakin batzuetara iristen ez diren autonomoentzat.
Alokairua barkatzea
Espainiako Gobernuaren dekretuak bereizi egingo ditu etxejabe handien maizterrak eta txikienak. Horrela, etxebizitzen jabeak inbertsio funtsak, aktibo kudeatzaileak, finantza entitateak edo higiezinen konpainiak badira, maizterrek zorraren erdia ordaindu gabe uzteko aukera izango dute, etxejabe handi horren kontura, edo zorra berregituratzeko aukera bizpahiru urtetan. Edonola ere, maizter horiek ICOren mikromaileguak ere izango dituzte eskura.
ICOren mikromaileguak itzultzeko gai ez diren familiek estatuaren zuzeneko laguntzak izango dituzte zor hori kitatzeko. Laguntza hori gehienez 900 eurokoa izango da hileko.