Altsasuko fabrika betiko itxi du Gamesak, eta 150 langiletik 79 kaleratu ditu

Azken unera arte ez die langileei etorkizuna argitu, eta, azkenean, 90 izan ordez, 71 langile aldatu ditu fabrikaz

joxerra senar
Iruñea
2010eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hamalau urteren ostean, modu tristean itxi ditu ateak Altsasuko Gamesak. Behin Espainiako Gobernuak fabrika ixteko erabaki hartu ondotik, Gamesak zenbat langile kaleratuko zituen eta beste zenbat joango ziren taldearen beste fabriketara zehaztea falta zen, baina azken unera arte, Gamesak ez die bere etorkizuna argitu. Burofax soil baten bidez, bidali die jakinarazpena. Atzo, 15:30ean langileen batzordeari enpresak jakinarazi zion oso bilera motzean, azkenean 71 izango direla Nafarroan zehar dituen beste fabriketara joango diren langileak, eta ez 90 enpresak duela egun batzuk promes egin bezala. «Gainontzekoak, kalera joango dira», azaldu du Joxe Mari Otxoa Errarte batzordekideak.

Enpresaren moduak kritikatu egin ditu, goiz osoan langileek ez zekitelako gaur zer egingo zuten. 13:45ean, goizeko txandako langileak irtetear zirela eta enpresa ateak betirako ixtear zela, argitu die azkenean zein izango den bakoitzaren helmuga. Inprobisazioz jokatu duela gogor kritikatu du Otxoa Errartek. «Hasiera-hasieratik, dena inprobisazioa izan da». Gaueko txandako langileak, adibidez, 06:00etan etxera itzuli ziren atzo zer egin ez zekitela, enpresak ez baitzien inongo kitorik sinatzeko eman, ezta beste inongo azalpenik ere.

Azken unera arte informaziorik ez banatzeaz gain, ez du promes egindakoa bete. Espainiako Gobernuak itxieraren erregulazioa onartu eta gero, Gamesak esan zuen 90 langile beste fabriketara eramango zituela. Haatik, azken erabakiak erakusten du ez direla 71 besterik izango beste fabriketara joango direnak. Horietatik gehienak (55) Agoizko lantokian hasiko dira gaur lanean; beste zortzi Imarkoainen, Iruñerrian; bat Tuteran eta beste bat Gasteizen. Beste sei postu tekniko eta bereziak dira eta Iruñean lan egingo dute gehienek.

Iragan ostiralean, beste fabrika batean lan egiteko interesatuak zirenei zerrenda batean izena emateko eskatu zien enpresak, eta bertan non lan egin lehenesteko eskatu zien: «Ez ziguten beste informaziorik eman», azaldu du Otxoa Errartek. Azkenean, beste fabrika batean lan egiteko prest zeuden langileetatik 26ri Gamesak ez die tokirik topatu, eta kaleratuak izango dira. Kaleratu bakoitzak lan egindako urte bakoitzeko 30 lan eguneko kalte-ordaina jasoko du.

«Jendea berriz kokatzeko aukera hori ez da guri fabore bat egiteko, Gamesak beharra duelako baizik», azaldu du langileen batzordeko ordezkariak. Izan ere, Altsasuko langileek esperientzia eta prestakuntza handia dute , eta, beste fabrikak ireki diren bakoitzean formakuntza lanetan izan dira. «Merkeago» ateratzen zaio Gamesari bertako langile bat, prestakuntzarik gabeko bat baino.

Promesa baino ez

Kaleratuen geroaren inguruan, ez dago albisterik. Aurreko astean, hain justu, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen enpresarekin batera lana topatzeko ahalegina egingo zuela, eta Altsasuko fabrika berriro industrializatzeko ekimenen bidez, kaleratuak hor jartzeko aukera zegoela. Otxoa-Errartek gobernuaren jokabidea salatu du, proposamen horren atzean ez dagoelako ezer finkorik.

Langileen batzordeak bide judizialetik joko du itxieraren aurka, baina jakitun dira hori «bide luzea» dela. Fabrikaren amaierak ez du esan nahi, langileen artean giroa okertu denik. «Urte asko egin ditugu batera», dio Otxoa Errartek. «Gure artean oso ondo gaude. Hori betirako geratzen da. Gure arteko harremana, behintzat, ez digute kenduko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.