Ekonomia

Altsasuko Gamesako espedientea "iruzur hutsa" izan zela salatu du ELAk

2010eko maiatzean lantokia itxi eta 150 langileren kontratuak behin betiko eteteko erabakia ez zela Madrilen negoziatu behar ebatzi du Madrilgo Auzitegi Nagusiak eta Gamesa, CCOO, UGT eta Nafarroako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du sindikatuak.

Gamesako langileen protesta bat, 2010ean. JAGOBA MANTEROLA, ARP
joxerra senar
2013ko abenduaren 11
17:05
Entzun

“Gutxitan ematen da, baina albiste bikaina da”. Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinatzaileak lehenik eta behin Altsasuko Gamesako langileak zoriondu ditu duela hiru urte egindako borrokagatik eta azkenik auzitegi batek arrazoi eman dielako. Madrilgo Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko ataleko hirugarren aretoak ebatzi berri du langileen kontratuen etetea ez zela Madrilen negoziatu behar eta erabaki hari buruzko erabaki administratiborik ezin zezakeela hartu Espainiako Lan Ministerioak, Nafarroako Gobernuak baiziak.

Epaia atzo goizean jaso zuten, eta gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Lakuntzak azpimarratu du Gamesaren erabaki hura “iruzur hutsa” izan zela. ELAren arabera, gertatutakoaren arduradun nagusia Gamesa da. “Espedientea egin zenean 115 milioi euroko irabaziak adierazi zituen”. Gogora ekarri du irabaziekin jarraitzen duela eta arlo publikotik laguntza ugari jaso dituela. Azkenaldiko lan gatazkak gogoan, oraindik orain enplegurik bermatu gabe jarraitzen duela aipatu du.

UGT eta CCOO sindikatuen jarrera ere gogor gaitzetsi du ELAk. 2010ean, Gamesak Altsasuko itxierarekin batera Espainiako lau lantokitan bertako langileei lanaldia murrizteko behin behineko espedientea aurkeztu zuen, eta horren guztiaren negoziazioa Madrilen egitea proposatu zuen. “Altsasun ordezkaritza bakar bat izan gabe espedientea onartu zuten”, kritikatu du. Gamesak negoziazioa Madrilera eramanda Altsasun lan batzordeak egindako lana “indargabetu” nahi izan du eta UGTk zein CCOOk lagundu ziotela gaineratu du.

Lakuntzak Nafarroako Gobernuak garai hartan “eskuak garbitu” zituela ere deitoratu du. Zantzuak izan arren, negoziazio esparrua Nafarroan zegoela defenditzeari uko egin ziola gogorarazi du Lakuntzak eta Jose Maria Roig garaiko Lan kontseilariaren jarduera deitoratu du: “Ez zion galgarik jarri enpleguaren suntsipenari”. Altsasuko kasuaz gain, garaiko erregulazio ia denak onartu zituela azpimarratu du.

Epaia ez da oraindik irmoa, eta Gamesak kasazio helegitea jar dezake Auzitegi Gorenean. Alberto Pascual ELAko zerbitzu juridikoetako ordezkariaren arabera, epaiak baliogabetu egiten du 150 kontratu eteteko espedientea eta aipatzen du kaleratze aurreko egoerara itzuli behar dela, baina “ez du gehiago esaten”. Bere ustez, “ulertu liteke langileak berriz onartu behar dituela”. Hala, Gamesari exijitzen diote langile guztiak har ditzala, eta enpleguaren aldeko konpromisoa ager dezala. “Mezu argia igortzen diogu. Lan eskubideen inguruko politika aldatu dezan”.
Itxieraren ostean, Gamesak beste lantokitan 71 langile inguru kokatu zituen. Pascualen iritziz, sindikatuak juridikoki lan egingo du langabezian geratu zirenen alde: “Kaltetuak izan dira”.  Langabezitik kobratu duten sariaren eta lanean egonez gero, kobratu behar zutenaren arteko aldea aldarrikatuko du sindikatuak epaitegietan. 

Garai hartan langileen batzordeko presidente zenak, Ubaldo Solak, gogoan hartu du “bide zailena” hautatu zutela langileek 2010ean: “Espedientea sinatzea geneukan baina lanpostuen alde borrika egin genuen, gatazka gizarteratuz”. Bere ustez, Madrilgo Auzitegi Nagusiak orain arrazoi eman die, eta aldiz, argi utzi du “nor zegoen erratuta”. Langileen izenean, “harro” agertu da egin beharrekoa egin zutelako. “Indartsuago eta harroago sentitzen gara”, adierazi du. “Azkenean, borrokatzeak merezi du”, azpimarratu du Mitxel Lakuntzak, langileak zoriondu ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.