Altzairua blindatu beharra

Bata bestearen atzetik ari dira altzairutegiak ixten Europan: bakarrik urrian, 4.000 lanpostu galdu dira. Txinako altzairu merkearen inportazioen gorakada da arrazoi nagusia, baina baita energia kostu handiak ere. Euskal Herrian ere urduritasuna dago sektorean, produkzioa handitu arren.

Altzairua blindatu beharra.
Jon Fernandez.
2015eko azaroaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Larria» da egoera. Bruselak adjektibo gogorra erabili du asteon altzairugintzaren sektorea zer-nolako garaian dagoen deskribatzeko. Ekaitz perfektu bat dirudi Europako Batasuneko argazkiak: 2008az geroztik, 85.000 lanpostu galdu dira sektorean —urrian, hilabetean, 4.000 lanpostu kendu ziren—, altzairuaren eskaria krisi aurreko garaian baino %27 apalagoa da, kostu energetikoa AEBetakoa halako bi da EBko enpresentzat, eta Txinako altzairu merkearen inportazioen gorakada handiak %25 merkatu du produktuaren prezioa. EBn altzairua produzitzen duten 500 plantak urduri daude, tartean Euskal Herrikoak.

Joan den astean, Arcelor Mittalek astebetez geratu zuen produkzioa Olaberriko (Gipuzkoa) plantan, eta beste batzuetan ere geldialdi laburragoak egin ditu. «Oraingoz ez digute esan aurrerago beste lan erregulaziorik egiteko asmoa daukatenik», azaldu du Fermin Otamendi Olaberriko langile batzordeko presidenteak (LAB), baina nabarmendu du langileak urduri daudela. Munduko altzairu konpainiarik handiena da Arcelor Mittal: iaz 98,09 milioi tona altzairu ekoitzi zituen, konpainia handienetan bigarrenak (NSSMC) baino bi aldiz gehiago. Baina Luxenburgoko konpainiak iragarri du kontuak gorrian dituela eta aurten ez duela dibidendurik banatuko: urtarriletik irailera 1.158 milioi euroren galerak pilatu ditu, iazko tarte berean baino hamar aldiz gehiago.

Euskal Herrian hainbat planta ditu Arcelor Mittalek: Sestaon, Basaurin, Agurainen, Gasteizen, Lesakan, Olaberrian, Bergaran eta Zumarragan. Ez da, baina, arazoak dituen altzairu multinazional bakarra. Gerdau ere —munduko multinazionalik handienetan hamaseigarrena— Txinako altzairu merkearen inportazioen kaltea nozitzen ari da Brasilen, eta zipriztinak Euskal Herrira ere irits daitezkeela ikusi zen duela hilabete. Azkoitiko, Legazpiko eta Soraluzeko plantak saltzea aztertzen ari zela aitortu zuen Gerdauk, baina argitu zuen ez zuela oraindik erabaki. Gasteizen, Basaurin eta Legution ere baditu lantegiak. Arabako Tubacex konpainiak ere %25 txikitu ditu irabaziak irailera bitartean, iazko datuekin alderatuta.

Hala ere, Asier San Millan Siderex Hego Euskal Herriko altzairu preklusterreko zuzendaria baikorra da. «Ekoizpenari dagokionez, 2015a ez da urte txarra izaten ari euskal altzairugintzarentzat. Autogintzaren eta eraikuntzaren aktibazioari esker, espero da iazko antzeko urtea izatea aurtengoa». Altzairu lantegiek %7,6 handitu zuten iaz ekoizpena, 4,6 milioi tonara iritsita. 2008an hasi zen produkzioaren beherakada, eta, iazkoa urte ona izanagatik, urruti dago oraindik 2007ko 7,5 milioi tonako ekoizpenetik. Sektoreak 4.800 milioi euro fakturatu zituen iaz Hegoaldean, eta 2.700 milioi euroren esportazioak egin zituen, 2013an baino %6 gehiago; salmenten %60 inguru dagokie esportazioei.

Txinaren gainprodukzioa

Arcelor Mittalek galerak iragarri arren, San Millanek azaldu du enpresa horrek Hegoaldean handitu egin duela ekoizpena azken hiru urteetan, eta iaz 2,2 milioi tonara iritsi zela. Gauza bera dio Olaberriko plantako langileen ordezkariak ere: «Ehuneko ehunean ari gara lanean urte osoan. 2013an lan hitzarmena sinatu genuenetik, ez gara minutu batean ere geldirik egon».

Otamendik aitortu du Txinako inportazio merkeen gorakada arazo erreala dela, baina astebeteko lanuztearen atzean langileek beste asmo bat ere sumatzen dutela, egungo lan itunaren esparrua urtearekin amaituko delako eta beste bat negoziatzeko garaia hasi berri dutelako Madrilen. «Negoziazio kolektiboa bezain zaharra da planteamendu hori», defendatu du Unai Martinez ELAko Metal arloko arduradunak ere. «Lan gutxiago ikustean, jendea urduriago egoten da, eta presioa egitea ere zailagoa izaten da».

Azken hilotan, katean ari dira altzairutegiak ixten eta langileak kaleratzen Europan, baita kontinentetik kanpo ere. Mexikon, esaterako, 8.000 langile kaleratu dituzte aurten, eta beste 45.000 postu kolokan daude. Izan ere, Txinako inportazioak %112,5 handitu dira aurten Mexikon, eta, babes neurri gisa, gobernuak %15 handitu ditu altzairu inportazioen aduana zergak.

Europan ere berdina da arazoa. Urtarriletik irailera bitartean, %40 hazi dira Txinaren inportazioak EBn. Munduko altzairu ekoizle nagusia da Txina, alde handiarekin. Iaz 822,7 milioi tona ekoitzi zituen, munduko produkzio osoaren %49. Hamar urtean ia bikoiztu egin du ekoizpena. Baina Txinaren ekonomiaren hazkundea geldotuz doan neurrian, herrialdea ez da gai bere altzairu guztia kontsumitzeko. Adituen arabera, Txinako altzairu industriaren %70 ez da errentagarria. Horregatik, atzerrira ari da saltzen altzairua, ekoizpen kostuen azpitik, Eurofer Europako Altziruaren Industriako Erakundeak behin eta berriz salatu duenez.

Europa pisua galtzen ari da munduko altzairugintzan, eta, sektorea babesteko, aurten dumping-aren aurkako tasak ezarri dizkie sei hilabetez Txinatik eta Taiwandik datozen altzairu herdoilgaitzezko produktuei. Baina Euroferrek uste du neurri hori ez dela nahikoa. Sektorearen arazo nagusiak bi dira, erakundearen arabera: Txinaren inportazio merkeek eragindako gehiegizko altzairu stocka eta argindar kostu handiak.

Martitzenean EBko estatu kideetako Lehiakortasun ministroak bildu ziren sektorearen egoera «larria» aztertzeko, eta Txinaren konkurrentzia desleialari aurre egiteko defentsa komertzialeko tresnak muturreraino erabiltzeko eskatu zioten Bruselari —Europako Batzordearen eskumena da merkataritza politika—. Ministroek aitortu zuten munduan 500 milioi tonako altzairu gainprodukzioa dagoela, eta horietatik 300 milioi tona Txinan daudela; EBko altzairu produkzioa halako hiru da Txinaren gainprodukzioa. Sektoreak berehala nahi ditu inportazio desleialaren kontrako neurriak, bai bailiteke Europako Batzordeak Txina laster merkatu ekonomiatzat onartzea, Pekinen eskariari erantzunda. Horrek asko mugatuko luke Bruselak Txinako inportazioeidumping-aren aurkako neurriak ezartzeko duen gaitasuna. 

Beste arazo nagusia argindarraren faktura da. Europako altzairugileen kostu orokorren %40 inguru hartzen dute energia kostuek. AEBetako altzairugileen energia kostua, adibidez, EBkoen erdia da, nahiz antzeko kopuruan geratu zerga salbuespenei esker. Edonola ere, EBko estatuen artean ere alde handiak daude energia fakturan: Erresuma Batuko altzairugileak kexu dira euren kostuak Alemania eta Frantziakoak halako bi direlako. Lehiakortasun ministroek, hain zuzen, asteon eskatu dute estatuek hobeto erabil ditzatela energia kontsumo handiko industriak laguntzeko laguntzak eta araudiak.

Berrikuntzaren apustua

«Lehiakortasuna eta etorkizuna indartzeko gure enpresetara inbertsioa itzultzea nahi badugu, argindar kostu lehiakorrak, egonkorrak eta aurreikusgarriak behar ditugu. Eta hori, gaur egun, ez daukagu», azaldu du Hego Euskal Herriko altzairu preklusterreko zuzendariak. San Millanen ustez, euskal altzairugintza ezingo da hazi Europako beste herrialde batzuek bezalako energia kostu lehiakorrik ez badu. Halere, euskal altzairugintzaren indarguneak nabarmendu ditu: «Euskal altzairu fabrikek altzairu bereziak ekoizten dituzte, eta beti dabiltza hobekuntza bila euren I+G zentroen bitartez. Nanozientziaren bidez material berrien bila dabiltza automoziorako, itsasontzietarako eta eolikoetarako».

Altzairuarekin lotura duen metalgintzako beste sektorean ere, fundizioetan, batez ere energia kostuekin daude arduratuta. Argindarraren prezioak aurten berriz igo direla azaldu du FEAF Hego Euskal Herriko fundizioen preklusterrak, %6 inguru. Fundizioen kostu osoen %10 inguru dira energiarenak, eta euskal fundizioak, adibidez, Alemaniakoekin ari dira lehiatzen nazioarteko merkatuetan, eta haien energia kostua %15 txikiagoa da. Euskal fundizioetan 1.629 lanpostu galdu dira 2008tik 2014ra, baina aurtengo urtea bide onean doala azaldu du FEAFek, eskari zorroa oraindik ere txikia izan arren. Iaz bost fundizio itxi ziren, baina produkzio orokorra %2,6 igo zen, eta fakturazioa ere %3,1 hazi zen.

Aurrera begirako baikortasunerako heldulekua kontsumoan eta esportazioetan topatu du Euroferrek. EBko altzairuaren kontsumoa %1,5 haziko da 2015ean, eta %2 datorren urtean. Eta aurtengo lehen zortzi hiletan esportazioak %4 jaitsi badira ere, datorren urtean %2,5 handitzea espero du Euroferrek, besteak beste euro ahularen laguntzari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.