Zergak Koordinatzeko Organoa bildu dute gaur goizean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, amatasun laguntzekin zer egin erabakitzeko. Haren ondoren iragarri dute bete egingo dutela Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia, eta, hortaz, amatasun eta aitasun laguntzek ez dutela errenta zergarik pagatu behar. Berez, epai hori Espainiako zerga sistemari dagokio, eta ez du zertan Hego Euskal Herrian eragin. Hala ere, diputazioek bere egitea erabaki dute.
Nafarroako Gobernuak, ordea, adierazi du bere legea desberdina dela, eta ziurtatu du ezin dituela itzuli azken urteetan amek jasotako laguntzen errenta atxikipenak. Nafarroan, 2012tik dago indarrean amatasun laguntzei errenta zerga atxikitzea. UPNk, PPk eta PSNk onartu zuten lege hori, eta alderdi horiek ari dira orain eskatzen Uxue Barkosen gobernuari atxikipenak itzultzeko. Horren ordez, atxikipenei zerga kenkariak ezartzeko legegaia jarri du abian lauko gobernuak.
Hiru diputazioek 2019ko aurrekontuen proiektuan txertatuko dute amatasun eta aitatasun laguntzak errenta zergatik salbuesteko agindua. Urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, batzar nagusietan aurrera eginez gero. Ez lukete arazorik izan behar.
Oraindik irmoak ez diren errenta aitorpenetan gurasoek ordaindutako laguntzen errenta zergak itzultzeko eskaera eredu bat indarrean jarriko dute foru ogasunek. Printzipioz, 2014tik 2017ra arteko aitorpenentzat balioko du. Aurten laguntza horietan egindako atxikipenak datorren udaberrian egingo den errenta kanpainan itzuliko dituzte.