Bigarren ahalegina egin nahi du PSNk. Aurreko ostegunean, 2014tik honako amatasun baimenei errenta zergaren atxikipenak itzultzeko lege proposamena aurkeztu zuten PPk eta UPNk, eta ostegunean atzera bota zuen laukoak. Sozialistek eskuinarekin bat egin du gai honetan, eta aukera hark porrot eginagatik atzerako eragina planteatzen jarraitzen du. "Guk aurrera jarraitzen dugu gure konpromisoan".
2019ko aurrekontuetan zirrikitu politikoren bat baliatu nahi du PSNk. Izan ere, osteguneko bozketan, Fanny Carrillo Ahal Dugu Orain Bai-ko parlamentariak PP, UPN eta PSNrekin batera bozkatu zuen. Berdinketa teknikoa gertatu zen, eta legea atzera bota zen, nahikoa botorik lortu ez zelako. Alta, Carrilloren posizioa, laukoaren ahulgune gisa ikusi du Txibitek, eta bigarren ahalegina egin nahi du aurrekontuen eztabaidan.
Carrilloren bozketak kezka eragin du. Orain Bai taldeko Carlos Cousok, atzo, ziurtatu zuen Carrillok "funtsezko gaietan" eurekin batera bozkatuko duela. Dena den, hori bera esateak aditzera ematen du legealdi amaieran ziurgabetasun bat eragin duela.
Txibiteren argudioak
Txibiteren esanetan, atxikipenen aldeko diren ama taldeekin batzartu dira, eta konpromiso hori dutela ziurtatu diete. "Ez dugu nahi Nafarroako amak diru hori kobratuko ez zuten Espainiako ama bakarrak izatea".
Hauteskundeak ate joka, boto ehizarako aukera baliatu du oposizioak. Gorenaren epaia erregimen komuneko lege bati zegokion, eta Nafarroako Gobernuak argi dio foru legea Espainiakoaren desberdina dela. Hala, gobernuaren zein hura babesten duten lau alderdien arabera, ez dagokio Nafarroari epai hori betetzea. Ama talde horrek iragarri du auzitara joko dutela. Gainera, laukoak bere bidea hartu du: 2019tik aurrera, amatasunengatik kenkariak ezarriko ditu Errenta Zergan, baina amatasun zein aitatasun baimena eskatzen dutenen errenta aintzat hartuta.
Azken batean, gobernua sostengatzen duten alderdiek beste bide bat hartu dute: lehenik eta behin, aldarrikatzen dute Nafarroako foru legeari ez dagokiola Gorenaren epaia betetzea, eta, bestalde, 2019tik aurrera, amatasun kenkariak ezarri dituzte, errentaren araberakoak.