Herenegun goizaldera langile bat hil zen Amurrion (Araba), Tubacex taldeko Aceralava altzairu enpresan. 05:30 aldera zendu zen, itxura guztien arabera, bihotzekoak jota. Hildako langileak Andres Iturburu zuen izena, 58 urte zituen eta Amurriokoa bertakoa zen. Enpresan 30 urte zeramatzan lanean.
Oraindik ez dituzte argitu ezbeharraren nondik norako guztiak, baina langile batzordeak 24 orduz lanuztera deitu ditu langileak apirilaren 11rako. CCOOk jakinarazi duenaren arabera, litekeena baita Iturbururen heriotza azkenaldian jasaten ari zen estresak eragin izana. Duela gutxi amiantoarekin lan egitearen ondorioz sortutako pleura plakak atzeman ei zizkioten biriketan.
Sindikatu horrek azaldu duenez, Iturburuk mina zeukan bularrean, erraz nekatzen zen eta edozein ariketa fisiko egiten hasi orduko arnasa hartzeko zailtasunak zituen. Horregatik joan zen medikuarengana, eta horrela diagnostikatu zioten biriketako gaixotasuna. Iragan astelehenean bertan Oviedon izan zen, Silikosiaren Espainiako Institutuko mediku baten kontsultan.
CCOOren arabera, lanpostuz aldatzea ahalbidetuko zion txostena jaso zain zegoen Iturburu, egungo lanpostuan hauts asko arnasten zuelako. Bere gaixotasunarekin bateragarria zen lanpostu batera aldatu nahi zuen.
Sindikatu horrek argitu du informazio hori «langilearen heriotza haren gaixotasunarekin lotzeko intentziorik gabe» zabaldu duela. «Baina ez dago dudari elementu ezkorrak direla, eta guztiek eragin dutela langilearen osasunean».
CCOOk eta LABek bat egin dute langile batzordeak deitutako lanuztearekin.
Iturbururen heriotza aparte utzita, Tubacexen segurtasun arloan dituzten hainbat hutsuneren berri eman dute CCOOk,LABek eta Aceralavako langile batzordeak. Haien esanetan, orain gutxi erizain lanpostu bat kendu du enpresak inolako azalpenik eman gabe; lantokian istripuak izaten dituzten langileei «atseden egun prebentiboak» ematen dizkie gaixo agiririk har ez dezaten eta horrela istripurik ez izateagatik jasotzen duen diru laguntza gal ez dezan; lan karga eta erritmo handiegiak dituzte...
Amiantoak kutsatutako langile bat bihotzekoak jota hil da Tubacexen
CCOOk jakinarazi du hildako langileari biriketan pleura plakak atzeman zizkiotela orain gutxi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu