Asviamie Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartearen arabera, «premiazkoa» da amiantoaren biktimen konpentsazio funts bat sortzeko gaur Espainiako Kongresuan eztabaidatuko den egitasmoa babestea. Uste du Eusko Legebiltzarrak hara eraman duen lege proiektua baliagarria dela «biktima guztiak» babesteko, eta nabarmendu du hor jasotako konpentsazio funtsa egokia dela amiantoagatik gaixotutako langile eta langile ohiek izan ohi dituzten «prozesu judizial amaigabeak» eragozteko.
Asviamiek eskatu du 2017an gertatutakoa «berriro ez errepikatzeko»; izan ere, Kongresuak antzeko proposamen bat tramitatzea onartu zuen, aurretik Eusko Legebiltzarrean onartua izan zena, baina bertan behera geratu zen, 2019ko apirilaren 28an hauteskundeetara deitu eta gero. Gutxienez, beste bi alditan ere eten dute tramitazioa, epe eta forma arazoak argudiatuta.
Elkarteak gogorarazi duenez, 2013an, Eusko Legebiltzarrak, PSE-EEren ekimenez, batzorde txostengile bat sortu zuen, konpentsazio funts bat sortzeko, eta horren emaitza da gaur Madrilgo diputatuek mahai gainean izango duten lege aurreproiektuaren testua. Asviamien ustez, «egokia da; zorroztasunez egina dago, eta Europako hainbat herrialdetako esperientziak kontuan hartzen ditu».
Maitane Ipiñazarrek (EAJ), Eba Blancok (EH Bildu) eta Gloria Sanchezek (PSE) azalduko dute Madrilgo parlamentuan legebiltzarraren proposamenak zer eskatzen duen.
«Biktima guztientzat»
Elkarteak gutun bat bidali du Kongresura, eta egitasmoa babestearen garrantzia azpimarratu du. Azaldu du halako funts bat baliagarria dela, besteak beste, «prozesu judizial amaigabeak» amaitzeko eta horrek amiantoaren biktimei eta haien senideei eragiten dien «kostu morala» arintzeko. Gainera, gogorarazi du «biktima guztiak» babesten dituela: kalte ordainak eman ditzaketen enpresa handietako langileak bai, baina baita lantegiak itxi eta nori erreklamatu ez dutenak ere.
Era berean, amiantoarekin harreman profesionala izan ez duten beste pertsona edo beste talde batzuentzako ere izan daiteke onuragarria; adibidez, langileen arropa garbitzean edo astintzean kutsatu ziren senideentzat eta lantegien inguruko edo ondoko auzoetan amianto zuntzak arnasteagatik gaixotu ziren pertsonentzat.
Konpentsazio funtsaz gain, Asviamiek gogorarazi du beharrezkoa dela material hori erabili zen enpresetatik eta bestelako eraikinetatik amiantoa kentzen jarraitzea.
Zaila da jakitea zenbat langile hil diren amiantoak zuzenean eragindako minbizi bat tarteko. EH Bilduk astearte honetan Kongresuan egindako prentsaurrekoan gogorarazi duenez, 1999tik 2018ra bitartean 825 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian, eta 6.961 Espainia osoan. Asviamieren arabera, 2019an 30 langile hil ziren; biktimen elkarteak ohartarazi du kasuen %10 baizik ez direla horiek.