Frantziak amiantoaren biktimentzat sortutako funtsaren parekoa da Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gorteei eskatu diena. Azken parlamentu hori desegin denez, ekainaren 26ko hauteskundeetatik eratzen denak hartu beharko du gaia.
Eusko Legebiltzarra lehena da horrelako funts baten eskaera egiten. Talde parlamentario guztiek landutako eta onartutako lege proposamen baten bidez egin dute, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso dute.
"Amiantoaren biktimek eta haien familiek kalte-ordainak behar dituzte, bakea behar dute, eta ez gerrarik auzitegietan", aldarrikatu du Jon Aiartza EAJko legebiltzarkideak. Horrelako funts baten sorrera Espainiako Gorteen eta Gobernuaren eskumena izanik, "ulertezintzat" jo du Aiartzak orain arte ezer egin ez izana. "Ezin justifika daitekeen atzerapena darama" Madrilek, haren esanetan.
Ehunka hil Euskal Herrian
Asviamie elkartearen datuen arabera, 1994-2008 epean mundu osoan 174.300 lagun hil ziren amiantoarekin kontaktua izateagatik hartutako gaixotasunen ondorioz, "horietatik 305 Euskal Herrian". Kopuru hori asko handitu da orduz gero, eta 2023ra arte urtero hildakoen kopurua asko handitzea espero da. Izan ere, amiantoaren hautsa arnastu izanak sortzen dituen gaixotasunak (biriketako edo pleurako minbizia, bereziki) urte batzuetara azalaratzen dira. Amiantoa 2001. urtean debekatu zuten Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta 2005. urteaz geroztik Europako Batasun osoan.
Gaixotasuna urte batzuetara azaltzeak auzibide eta epaiketa asko eragiten ditu, langileen enplegatzaile batzuek ez baitute onartzen gaixotasunaren eta lanaren arteko harreman zuzena. Horregatik eskatzen dute funts bat, inor errudun topatu gabe biktimek edo haien senideek kalte-ordain bat izan dezaten. Asviamie elkartearen arabera amiantoaren azken biktima izan daitekeenak, Vicente Goikoetxea hernaniarrak, gaixotasuna bere enpleguarekin lotu ahal izan gabe hil zen, joan den astean, mesotelioma baten ondorioz. Aurten amiantoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan amiantoak hildako hamargarrena da.
Asviamiek gogoratu duenez, Goikoetxeak mantenimendu lanetan aritu zen 1960 eta 1973 artean Hernaniko Aceros y Fundiciones del Norte Pedro Orbegozo enpresan, eta Astigarragako Fundición Epifanio Eizagirren. Lan horietan soilik izan zuen kontaktua amiantoarekin, baina lotura hori egin gabe dago oraindik, "Osalanen ikerketan egindako akats baten ondorioz". Gizarte Segurantzak iazko irailean aitortu zion laneko gaixotasuna dela berea.
"Egun historikoa"
Eusko Legebiltzarreko talde guztiek ontzat hartu dute gaurko proposamena. "Une historiko bat da, Ganbera osoa hiltzaile isilaren bozgorailua bilakatu delako", aldarrikatu du EH Bilduko Eva Blancok. Espainiako Kongresuak proposamena bere egin dezan espero du Bixen Itxasok (PSE-EE), eta gogorarazi du Europako estatu askok dagoeneko sortu dutela funts bat.
Asviamieren izenean, Jon García bozeramaileak esker ona azaldu die talde parlamentari guztiei, eta Espainiaren jarrera "lotsagarria" kritikatu du.