Amnistia fiskala ez aplikatzeko eskatuz NaBaik eta Bilduk aurkeztutako mozioak onartu ditu Nafarroako Parlamentuak. PPk aurka bozkatu du bietan, eta UPN abstenitu egin da NaBairen mozioan eta aurka egin du Bildurenean. Alde agertu dira PSN eta Ezkerra.
Puntu bakarrekoa izan da NaBairen mozioa. Parlamentuari eskatu dio amnistia fiskalaren aurka agertzeko, eta, eskumen fiskaletan oinarrituta, Nafarroan aplikatu ez dadin borondatea erakusteko. Antzeko eskaera egin du Bilduk ere lehen puntuan. Horrez gain, «bidegabe eta onartezintzat» jo ditu Espainiako Gobernuak onartutako neurriak, eta Parlamentuari «zerga iruzurrari aurre egiteko» konpromisoa eskatu dio.
Juan Jose Lizarbe PSNren Parlamentuko bozeramailearen arabera, «ezinezkoa» da Nafarroak amnistia fiskala aplikatzea. UPNk eta PSNk gobernuan aho batez hartzen dituztela erabakiak esan du, eta kasu honetan PSN aurka dagoela. Neurria ez dutela gustuko dio Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaileak ere. Dena den, datuak ikusi behar direla dio. «Aztertu egin behar da gainerako autonomia erkidegoetan bai eta Nafarroan ez aplikatzeak zein ondorio izango dituen».
Amnistia fiskalaren aurka agertu da Nafarroako Parlamentua
PSNren esanetan, «ezinezkoa» da Nafarroan neurria aplikatzea, alderdia aurka dagoelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu