Enpresak

Ampok lantegi bat ireki du Saudi Arabian

Idiazabalgo kooperatiba nazioartekotzea sakontzen ari da, eta begiz jota ditu Afrika eta Kaspiar Itsasoa.

Amporen Saudi Arabiako lantegi berria. AMPO
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 9a
12:05
Entzun

Ampok beste urrats bat egin du nazioartekotze prozesuan. Fabrika bat ireki du Dammamen, Saudi Arabian, bere produktuen kontsumitzaileengandik gertuago izateko. Teknologia handiko balbulak egingo ditu han, ez soilik erresumako hidrokarburoen energia indartsurako, baizik eta herrialde hartako eta Ekialde Erdiko beste sektore batzuetarako: kimika, petrokimika, ura eta meatzaritza.

Ampok nabarmendu duenez, Riadeko gobernuak bere ekonomia dibertsifikatzeko eta petrolioaren eta gasaren ustiakuntzarekiko menpekotasuna txikitzeko balioko du Dammameko lantegiak.

Planta orain ireki arren, oraindik denbora beharko du erabat martxan jartzeko, eta irailean hasiko da ekoizten. Orduan egingo dute inaugurazioa, eta gonbidatuen artean izango da Saudi Aramco petrolio konpainia, munduko energia enpresarik handiena.

Kanpora ateratzeak Idiazabalgo egoitza nagusiko enpleguak sendotuko dituela ziurtatu du Ibon Imaz kooperatibako koordinatzaile nagusiak, bezero berriak lortuko dituelako eta haiek izan daitezkeelako Gipuzkoan egiten dituen produktuen erosle. Izan ere, Idiazabalen jarraituko dute diseinatzen eta ekoizten «zerbitzu zorrotz eta konplexuenetarako balio erantsi handiagoko balbulak». Besteak beste, itsaso azpiko lanetarako balbulak egiten dituzte Idiazabalen.

Hidrogenoan ere bai

Enpresaren nazioartekotzea ez da Saudi Arabian bukatuko, hori baita 2021-2022 plan estrategikoaren helburuetako bat. Afrika eta Kaspiar Itsaso ondoko herrialdeak begiz jota ditu Ampok. Haietara ere joan nahi du, merkatu estrategikotzat jotzen baititu.

Ikusita azken urteetan «oil gas» izeneko atalean inbertsioak gutxitzen ari direla, Ampok parte hartu nahi du energia trantsizioan, eta espresuki aipatu du hidrogenoaren inguruan sortzen ari den mugimendua. «Sektoreko eragilerik nagusienekin batera lan egingo dugu, energia trantsizioa eta ekonomiaren deskarbonizazioa ikertuz eta sustatuz».

Indartu egin nahi du Ampo Service adarra ere. Hau da, bere bezeroei mantentze eta konponketa zerbitzuak ematen dizkien adarra. «Negozio unitate horrek berehalako erantzuna bermatzen die bere bezeroen beharrei, eta, munduko edozein txokotan, ondoko zerbitzuak eskaintzen: mantentze lan prediktiboak eta prebentiboak, martxan jartzeak, aholkularitza teknikoa, eta formakuntza».

2020a, urte ona

2020. urtea hidrokarburoen industriarako gogorra izan den arren, Ampok %20 handitu diru salmentak, 153 milioi euroraino. Horietatik %95 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo saldu du. Esportazioen %70 Europako Batasunetik kanpora egin ditu, hala nola, AEBetan, Hego Korean, Japonian, Errusian, Ekialde Erdian eta Australian. Gaur egun 800 langile ditu Ampok.

Iazko emaitza «onak» 2016-2021 epean egindako 48 milioi euroren inbertsioekin zuzenean lotu ditu Ampok. Diru horrekin fabrika bat ireki zuen Indian, mekanizazioko planta handitu zuen Idiazabalen, digitalizazio plan bat abian jarri zuen, eta aldaketa teknikoak egin zituen balbulen fabrikazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.