Iker Aranburu.
Geure kontu

26.000 milioi irabazita ere, banku handiak kexuka

2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Bankuek eman diete hasiera enpresen urteko emaitzen iragarpenaren garaiari. Emaitza historikoak jakinarazi dituzte Madrilgo Ibex-35 indizean kotizatzen duten bostek: 26.000 milioi eurotik gora irabazi dituzte, aurreko urtean baino %54 gehiago. Doinu goxoak haien akziodunentzat, hurrengo asteotan haien kontuetan ordainketa mamitsu bat jasoko baitute, diru horren erdia edo. Baina doinu desatseginagoak dira irabazi horiek sortu dituzten bankuen bezeroentzat: haiek ordaindu dituzte bankuen patrikak gizendu dituzten interes tasa handiak.

Etekin mardul horiek ikusirik, espero zitekeen pozik azalduko zirela haien buruak, eta hala azaldu dira, baina ez dute aukera galdu bankuen gaineko zerga bereziaren aurkako hitz egiteko. Zerga hori 2022an bultzatu zuen Espainiako Gobernuak, eta, hasieran 2022ko eta 2023ko emaitzei soilik eragin behar zien arren, 2024ko ekitaldirako ere luzatu dute. Gainera, PSOEren eta Sumarren asmoa da zerga iraunkor bilakatzea. 

Botinek ziurtatu du munduan ez dagoela beste herrialderik halako tasa bat 2024tik landa ezartzeko asmoa duenik, baina adierazpen ausarta da, kontuan hartuta Europako Batasuneko beste hamar kidek dutela estilo horretako zerbait, eta kontuak orekatzen hasi beharra nahiko akuilu dela tasa horiei eusteko.

2023ko abuztu arte, Europako Banku Zentralak 146.000 milioi euroren interesak ordaindu dizkie euroguneko bankuei beren erreserben truke.

«Bankuei zerga bat jartzeak ez dio ekonomiari laguntzen». Ana Botin Santanderreko presidentearen esaldiak laburtzen du beste buruek diotena: bankuek zerga ordaindu behar badute, diru gutxiago dute maileguetarako, eta, hortaz, finantzaketa eta erosketa gutxiago finantzatu daitezke. Maileguetarako dirua, antza, ezin da atera akziodunei banatuko dieten kutxatik — Santanderren kasuan, 5.500 milioi aurten—, baina bai ordainduko duen zergatik —338 milioi—. 

Botinek ohiko formula magikoa aldarrikatu du, berriro ere: «Bilketa handitzeko modurik onena gehiago haztea da, eta enpresek diru gehiago irabaztea». Ingelesez trickle down economy deitzen dutenaren aldaera bat: ona dela batzuek diru asko irabaztea, azkenean diru horren zati bat, euriaren moduan, gizarte osorako iritsiko dela. Agian pentsatuko du Botinek zergaren bidez bildutakoak —1.050 milioi iaz, 1.400  milioi inguru aurten— ez dutela ekonomia lagundu, adibidez, gastu soziala finantzatuz edo inbertsioak lagunduz. Eta hori guztia bankuen kontuei kalte izugarririk egin gabe.

Erreserben zatia

Eta, hein batean behintzat, bankuen mozkinetako batzuk diru publikotzat jo daitezke.  Yuemei Ji, Paul de Grauwe eta beste ekonomista batzuek EBZri igorritako gutun irekian salatu dutenez, 2023ko abuztu arte banku zentralak 146.000 milioi euroren interesak ordaindu dizkie bankuei beren erreserben truke —%4ko interesa ematen die—. Horietatik, 9.170 milioi izan dira Espainiako sistemako bankuentzat. 

Espainiako zergara itzulita, bankuek auzitara jo dute zerga hori bertan behera utz dezan. Baina bide horrek huts egiten badu, eta ikusita nekez lortuko dutela zerga desagertzea, hura urardotzeko saioak hasi dituzte. Badute eredu bat: energia konpainiek EAJren laguntzarekin egindakoa. Miguel Torres BBVAko buruak argudiatu duenez, digitalizaziorako eta energia trantsiziorako egin behar diren inbertsio asko bankuek finantzatzen dituzte, eta, hortaz, zerga bat ordaintzeak «eragotzi» egiten die horretarako diru gehiago mailegatzea. «Zentzua du arlo horretan laguntzen ditugun inbertsioek zergatik salbuesteak». 

Eskaera hori entzungo zuen Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroak bankuetako buruekin bildu zenean. Eta beste kexu bat ere bai: zerga diskriminatzailea dela, bai enpresa arruntekin alderatuta, bai zerga pagatu behar ez duten finantza erakundeekiko. Hau da, txikiak eta Espainian egoitza ez daukatenak. Euskal Herrikoetan, zerga ordaintzen dute BBVAk eta Kutxabankek, baina ez, ordea, Laboral Kutxak eta Nafarroako Rural Kutxak.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.