Auhenak eta beldur ikarak. Txinpartatsua, hasiera.
Egun gotikoa tokatu da gaurkoa. Ea, kontua ez da munduaren akabera iragartzea, soilik kontatzea kezka piztu dela, orain astebete hiru itsasontzi komertzialek eta AEBetako gerraontzi batek erasoak jasan zituztelako Yemengo kostaldean, Adengo golkoa eta Itsaso Gorria lotzen dituen Bab el-Mandeb-eko itsasartean. Arabieraz Auhenen atea esan nahi du Bab el-Mandeb-ek.
Eta nondik izen beltz hori?
Bi teoria daude. Ba omen da kondaira zahar bat Arabiar penintsula Afrikako adarretik bereizterakoan jazotako lurrikara izugarrian hildakoen auhenak aitatzen dituena. Edo izan omen daiteke hango ur eta korronteak arriskutsuak zirela antzinako marinelentzat.
Ageri da orain ere arriskutsua dela, itsasontziei eraso egiten badiete.
Bai. Orain urte batzuk, Somaliako piratek Adengo golkoan hainbat eraso eta bahiketa egin zituzten. Segurtasun neurri handiek eta esku hartze militarrek arrisku hori apaldu zuten azken urteetan, baina, orain, Gazaren aurkako erasoen harira, huthiek, Yemengo matxino talde batekoek, erasoak egin dituzte, batez ere israeldar jatorriko ontzien kontra. Somaliako piratek ez bezala, huthiek helikopteroak, droneak eta misilak dituzte. Xiitak dira huthiak, eta harremana dute Iranekin.
Txantxa gutxi Auhenen Atean, beraz.
X sarean pixka bat begiratuta, huthiak ikus ditzakezu joan den hilabetean bahitutako Galaxy Leader itsasontzia bisitatzen, txantxetan eta pozik, atrakzio turistiko batean baleude lez. Ez dira berdin egongo ontziko 25 marinelak; bahituta daude oraindik. Huthiek diote ontziaren jabea israeldarra dela.
Fiu...
Bab el-Mandebeko itsasarteak garrantzi berezia hartu zuen Suezko kanalarekin. Kanaletik igarotzen diren ontziak Auhenen Atetik ere pasatzen dira. Gogora ekarri behar da, ezinbestez, Ever Given ontziak 2021. urtean sei egunez kanaleko trafikoa oztopatzean munduko merkataritzan eragindako aldrebeskeria. Sueztik lez, Bab el-Mandebetik igarotzen dira munduko merkataritza gaien %12.
Toki kaltebera da, argi dago.
Itsasarte batzuk kritikoak dira mundu globalizatuan. Haienganako menpekotasuna handia da. Adibidez, kezka badago Gazaren harira Iranek zer egin dezakeen golkoa eta Indiako ozeanoa lotzen dituen Hormuzko itsasartean. Handik igarotzen da itsasoz garraiatzen den petrolioaren eta gasaren %40. Eta klima larrialdiak ere badu eragina itsasoko merkataritzan. Panamako kanalean ontziak pilatzen ari dira, lehorteak kanalaren ahalmena murriztu duelako.
Eta zein da irtenbidea?
Gauzak konpondu bitartean, aseguru garestiagoak ordaintzea edota itsasbidaia luze eta garestiagoak egitea. Adibidez, —buka dezagun itxaropentsu— Esperantza Oneko lurmuturra inguratzea.