BAKARRIZKETA

Bidenen blokeoari erantzun dio Xik: grafito salmentak kontrolatuko ditu

Zaragozako (Espainia) bateria fabrika bat. JAVIER CEBOLLADA / EFE.
inaut matauko rada
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Grafito produktu batzuk Txinatik inportatzeko, baimen bereziak beharko dira. Joe Biden AEBetako presidenteak Txinari txipen merkatuan jarritako mugei hala erantzun die Xi Jinping Txinako presidenteak.

1. Zer neurri hartu du oraingoan Txinak? Grafito produktu berezi batzuk atzerrian saltzeko ezohiko baimenak beharko dira hemendik aurrera. Hiru grafito klaseri eragingo diete kontrol berriek, eta abenduaren lehenetik aurrera beharko dituzte erosleek lizentzia bereziak.

2. Zertara dator ba kontrol hori? «Nazioaren interesak eta segurtasuna bermatzeko» neurria dela adierazi du Txinako Merkataritza Ministerioak, eta nabarmendu ez dela herrialde jakin baten aurkako erabakia. Hala ere, neurri hori AEBen beste murrizketa baten ostean etorri da. Izan ere, astebete lehenago AEBek are gehiago zaildu zioten Txinari txipak inportatzea.

3. Are gehiago diozu... zer jazo zen ba aurrez? AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerran mikrotxipen afera ari da berebiziko garrantzia hartzen, funtsezko piezak baitira teknologia produktuetan, autoetan, superkonputagailuetan eta armagintza industrian. Hala, joan den urteko urrian AEBetako Merkataritza Ganberak murrizketa bereziak jarri zizkion Txinari merkatu horretako hainbat produktu erosteko. Zehazki, AEBetako teknologiarekin egindako mikrotxip aurreratuenak eta txip horiek egiteko funtsezkoak diren tresnak inportatzea debekatu dio Asiako herrialdeari, eta AEBetako herritarrei debekatu egin diete Txinako mikrotxip enpresetan lan egitea.

4. Zertara dator horrenbesteko kontrola? Bidenen gobernuaren arrazoi nagusia «nazioaren segurtasuna» da, uste baitu Txinak teknologia hori bere armadan erabiltzen duela. Murrizketa horiek orain mikrotxip sinpleagoei aplikatu dizkiete AEBek, baita Errusiari eta Irani ere.

5. Eta zer ikusia du ba grafitoak nahaste-borraste horretan? Hainbat erabilera ditu grafitoak industrian, bereziki autoen baterietan eta industria-lubrikatzaileetan. Lehena bereziki garrantzitsua da herrialde garatuenetan, konbustio motorra duten autoetatik elektrikoetara aldatzen ari baitira. Eta hor sartzen da jokoan Txina, munduko ekoizle eta fintzaile nagusia baita.

6. Ez da horrenbesterako izango... AEBetako Zerbitzu Geologikoaren arabera, 2022an munduan ekoiztutako grafitoaren %65 produzitu zuen Txinak. Finketan, berriz, %90eko merkatu kuota izan zuen Asiako herrialdeak. Urrunago joanda: auto elektrikoen baterien anodoetan erabiltzen den grafito motaren fintzean ere %90eko merkatu kuota izan zuen.

7. Eraginik izan al du Txinaren erantzunak? Xiren erabakiak gehien izutu dituenak auto elektriko asko ekoizten dituzten herrialdeak dira, Hego Korea tartean. Txinarekin negoziatzen hasia da jada Hego Korea, baina zaila dirudi zerbait lortzea, AEBekin guztiz lerrokatuta baitago Yoon Suk-yeolnen gobernua. Samsungek, esaterako, AEBen iazko murrizketei men eginez, Txinari mikrotxipak saltzeari utzi dio. Hala, zaila dirudi Txinak grafitoaren fluxua berdin mantentzea, eta Afrikara eta Hego Amerikara begira jarri da Hego Korea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.