Bada pentsatzen duenik, teorizatzen duenik Donald Trumpek bere muga zergen taularekin piztutako merkataritza gatazka ondo, oso ondo pentsatutako eta diseinatutako negoziazio estrategia bat dela. Zerbaitegatik da AEBetako presidentea The Art of Deal liburuaren egilea (Tratuaren artea).
Hasieran, Trump hiru dimentsioko xakean jokatzen ari zela esan zuten; azken egunetan, dagoeneko txistea zen zortzi dimentsioan ote zebilen —orain muga zergak bai, orain handiagoak, ‘hauei bai, horiei ez’, orain zergarik ez—. Baina Genevakoak xake jokaldi bat baino gehiago Javier Clemente futbol entrenatzaileari leporatzen zitzaion estrategiako jokaldi bat dirudi: bota aurrera, eman baloiari ostikoa luze, aurrera, urrundu arriskua.
Hori egin dute AEBek: bota aurrera, luze, 90 egun. Helburua: askatzea AEBak eta Txina —batek gatazka abiatu eta besteak erantzunez— praktikan elkarri ezarritako merkataritza enbargotik.

Trumpentzat ezinbestekoa zen presioa askatzea, baloia bere arean baitzebilen denbora guztian: AEBetako mendebaldeko portu handiak jada igartzen edukiontzi gutxiago zetozela; saltoki kate erraldoietako buruak Etxe Zurira joaten apal hutsen arriskuaz ohartaraztera; Eguberrietan panpina gutxiago izango zituzten haurrak... Eta bitartean Txina behin eta berriz esaten ez zegoela inolako negoziaziorik.
Txinarentzat ere egoera ez zen samurra, baina presioa handiagoa zen Pazifikoaren beste aldean. Besteak beste, mundu guztiarentzat, hamabi dimentsioko xake batean ere, oso zaila zelako ulertzea eta esplikatzea %145eko muga zerga batzuen logika, are gehiago AEBek euren buruari eragin behar zieten kaltearekin.
Muga zergak ezartzeko taxuzko argudioak izan ditzake Trumpek, baina %145ekoak? Horrek ez zuen ez hankarik ez bururik, ezta hogei dimentsioko xake batean ere, batez ere Txinaren giharra ikusita.
Hanka putzutik ateratzen
Denbora pixka bat irabazi du orain Trumpek, eta neurri batean logikak esaten zuena bete da: atzera egin du edo egiten ari da —horretarako ari ziren prestatzen burtsak, adibidez—. Pentsa daiteke Etxe Zuriak aukera baliatuko duela disimuluz apirilaren 2an sartutako hanka putzutik ateratzeko. Izan ere, jokoa baloia urrunera botatzera mugatzeak gauza gutxi ziurtatzen dizkio futbol taldeari. Eta ziurtasun faltak ekonomia globala higatzen jarrai dezake, muga zergak tarte batez txikiagoak izan arren.
Bueno, agian gutxi batzuek ulertzen duten hogei dimentsioko xakean gauzak bestela dira.