Gipuzkoan, Markel Olano ahaldun berriak iragarritako «norabide aldaketak» bete-betean harrapatuko du zerga politika. Ez da izan ezusterik Denis Itxasoren PSErekin batera osatutako EAJren foru gobernuaren iragarpenetan: Bilduren agintaldian onartutako Aberastasun eta Fortuna Handien zerga erreformatuko du exekutibo berriak. «Erreformatu» esan dute, ez eraitsi, gauza bera ez balitz bezala. Estalkia ez dago zertan aldatu barruko mamia aldatzen ez bada.
Aberastasun eta Fortuna Handien zergak Ondare zergak islatzen ez duen indarra dauka; gaurdaino, beste zerbait da. Fortuna handiak dituztenei ere kontuak eskatzen zaizkiela xuxurlatzen die belarrira izen horrek Aberastasunaren zerga ordaintzeko fortuna ez dutenei. Zertarako aldatuko du ba izena Olanoren foru gobernu berriak?
Bilduren gobernuak intentzio argi batekin aukeratu zuen ondarea zergapentzen duen zerga berriaren izena. Betiko Ondare zerga erreformatzea ere bazeukan emaitza berberak lortzeko. Baina Bilduk beste zerbait nahi zuen izen aldaketarekin. Garbi utzi nahi zuen sakoneko aldaketa zetorrela zerga politikan, Gipuzkoa berriaren ikur gisa, eta horregatik egin zuen Europako hainbat herrialdetan martxan zegoen fortuna handien zergaren izenaren hautua.
Olanoren exekutiboen asmoen artean, zerga politikan sakoneko aldaketa datorrela garbi uztea ote dago? Pentsa daiteke ezetz, nahiz eta ondarea zergapetzen duen zergari dagokionez horrela den. Harmonizazioaren izenean, Helena Francok zuzentzen zuen Ogasunaren bandera jaitsi, eta oihal zuria altxatzen hasi da EAJ-PSEren foru gobernua. «Bake asmotan gatoz», esaten ari zaie Adegi patronalari, Pello Gibelalde egunero hedabideetan ikusita «harmonizazio» eske. Markel Olanokondo baino hobeto daki eskaera hori fortuna handien zerga baliogabetzea exijitzeko eufemismo bat dela, eta prestu dago gauzak bere lekuan jartzeko; Franco Ogasunera iritsi baino lehen zeuden lekuan, alegia.
Gipuzkoako Foru Gobernura eraman duen boto andana lortu aurretik ere EAJk garbi utzi zuen ondarea beste era batera zergapetzeko asmoa zuela, Jose Luis Bilbaoren diputazioan egin zuten eran, kasurako, «enpresariak hainbeste zigortu gabe». Eta logika horri jarraiki, «erreforma» iragarpena iritsi da. Denis Itxasori gehiago kostako zaio agian Rafaela Romero alderdikideak Bildurekin negoziatu eta onartu zuen fortuna handien zerga mamiz hustuko duela azaltzea. Kamarada, beste garai batzuk zirela esan ahal izango du beharbada; jeltzaleek eta sozialistek 2013ko irailean errenta eta sozietate zergak aldatzeko erreforma hitzartu aurretiko garai nahasiak zirela alegia, Patxi Lopezen agintaldiaren ajeak utzitako nora eza egunak. Eta, hala ere, itun fiskaletik kanpo geratu zen aberastasunaren gaineko zerga. Orain, berriz, PSE gobernuan sartu, eta EAJrekin «elkarlana» erabatekoa da «gipuzkoar guztien mesedetan». Eta orain bai, Bilduren herentzia deseroso horri iraungitze data idatzi diote.
Beste kontu bat da Gipuzkoan aberastasuna zergapetzen duen zergaren izena aldatuko ote den. Ikusteko dago ate joka datorren erreformak denominazioa ere aurrean eramango duen. Estalkiari eutsi eta barruko erraiak aldatzea jokaldi politiko adimentsua izan daitekeela diote batzuek, eta azken hauteskundeek argi erakutsi dute nor den maisu Euskal Herrian jokaldi politiko eraginkorretan.
Horiek horrela, Gipuzkoatik Madrilgo paradisu fiskalera ustez ihes egindako enpresarien zenbaketak bukatu direla ematen du. Ihesaren hipotesi hori gezurtatu zuten datuek: 2013an 49 zergapekok alde egin zuten Gipuzkoatik; Bizkaian, urte berean, 60 izan ziren. Edonola ere, zerga ordaintzera derrigortuta daudenen %1 baino gutxiago izan ziren, bietan. Fortuna handien zergaren erreforma ostean (2016?), zenbatuko ote ditu inork ihesaldi horiek? Ez du ematen; zertarako?

GEURE KONTU
Erreformatu eta eraitsi, sinonimoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu