Pentsio sistemaren krisia. IRITZIA

Errenta banaketa

Mikel de la Fuente
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pentsio publikoak kaskartu direna ez du inork ukatzen jada: ez gobernuak eta ez Europako erakundeek. Hala, Europako Batzordearen aurreikuspenen arabera, pentsio publikoen ordezkatze tasa (batez besteko pentsioaren eta soldataren arteko zatidura) 30 puntu baino gehiago jaitsiko da 2013tik 2060ra. Epe laburragoan eta, beraz, segurantzia handiagoz, aurreikusten da 18,4 puntu jaitsiko dela 2030erako. Jaitsiera hori desberdin banatzen da, eta gehiago erasaten dio jende prekarizatuari; emakumeei, batik bat. Emakumeen pentsio arrakala handiagoa da soldata arrakala bera baino, eta, gainera, emakumeentzat zailagoa da pentsiorik jasotzea; besteak beste, arau hauen ondorioz: hamabost urtean kotizatu beharra dago erretiro pentsioa izateko, eta, gainera, urte horietako bik, gutxienez, erretiratu aurreko hamabost urte horietakoak izan behar dute; horrek pentsioa jasotzea eragozten die hainbat emakumeri: jardun produktiboa alboratu, seme-alabak edo beste senide batzuk zaintzeari lotu, eta jardun produktiboan berriro hasi nahi izan ez duten emakumeei, edo, saiatuta ere, berriro hasi ezin izan diren emakumeei.

2011ko eta 2013ko erreformetako murrizketen ondorioz, azkeneko hamarkadotan lehenbiziko aldiz, azkeneko bi urteotan murriztu egin da pentsio berrien kopurua aurreko urtekoaren aldean, eta dezeleratu egin da pentsioen kostuaren igoera —pentsiodunen kopurua igotzeak eta pentsio berriak bertan behera geratu direnak baino handiagoak izateak dakarren igoera—. Hala eta guztiz ere, izugarri igo da pentsioen defizita, eta, horren ondorioz, Erreserba Funtsa bukatu egin da, eta Estatuak maileguak egin dizkio Gizarte Segurantzari. Defizit horiek zenbait faktoreren ondorio izan dira: a) kotizatzaileen kopurua txikitu egin da, langabeziaren eta ezkutuko ekonomiaren bilakaeraren eraginez; b) kotizazioen zenbatekoa txikitu egin da, soldatak jaitsi eta lanaldi partzialak igo direla eta; c) enpresak gizarte kotizazioetatik salbuetsita daude, enplegu politikaren aitzakian, horren kostua estatuak bere gain ez hartuagatik ere. Pentsioen azkeneko erreformak baliogabetu beharra dago, honako hauek ikusirik: inflazioan eta iraunkortasun faktorearen desagerpenean oinarrituriko errebalorazio irizpidearen berrezarpena —irizpide hori dela eta, 2019tik aurrera erretiratu pentsiodunei ordainarazi nahi diete bizi itxaropenaren luzapena—, eta erretiro adinaren igoeraren desagerpena.

Neurri horiek behar besteko finantza babesa izan dezaten, handitu egin behar dira soldatak, eta horrek berekin dakar, halaber, indargabetzea lan erreforma horiek, soldatak —batik bat, txikienak— murrizteko bidea eman baitute. Era berean, handitu egin behar da gutxieneko soldata, ELAk eta LABek galdegindakoarekin bat etorriz: hilean 1.200 euroko soldata. Lege neurriek, berriz, negoziazio kolektiboa beharko dute, soldatak suspertzearren eta generoaren araberako soldata arrakala eragoztearren, zeina ezkutuan geratzen baita zenbait lanbide sailkapenen eta bestelako zenbait neurri diskriminatzaileren mozorropean. Epe luzeagora begira, baby boom belaunaldikoak erretirora iritsitakoan, gehitu egin beharko dira baliabideak pentsiodunen igoerari aurre egiteko eta pentsioak hobetzeko, eta, horretarako, eztabaida publiko demokratiko bat ireki beharko da pentsioen modalitateen inguruan, eta eztabaida horretan parte hartu beharko dute erakunde sindikalek, pentsiodunen elkarteek eta mugimendu feministak. Hori, behar-beharrezkoa ez ezik, posible ere bada, baina berekin ekarri beharko du langile gehienen mesederako aldatzea errentaren banaketa.

Itsua da pentsio pribatuen bidea: norbanakoenak ez dira posible gehien-gehienentzat, eta enpleguari dagozkionek galdera bat eginarazten dute: enpresek zergatik ordaindu ahal dituzte borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundearekikoak eta pentsio planak, baina ezin diote aurre egin gizarte kotizazioen igoerari? Oso adierazgarria litzateke galdera horren erantzuna aurkitzea. Horrez gainera, pentsioak finantza merkatuen aldakortasunaren mende uztea ez da bateragarria pentsio sistema batek sarreretan eskaini behar duen segurtasun funtzioarekin. Euskal pentsioen sistema baterantz jotzeko neurri iragankor gisa, ezinbestekoa da 1.080 euroan ezartzea pentsioen gutxienekoa, pentsiodunen mobilizazioetan eskatu bezala, eta horrek EAEren eta Nafarroaren aurrekontuen bizkar joan beharko du ezinbestean, Gizarte Segurantzaren sistemak ordainduriko pentsioen eta aipatu zenbateko horren arteko aldea dela eta. Hori aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da zerga erreforma bat, sozietateen zerga murriztu berri duen horren aldean erabat bestelakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.