IRITZIA

Ez, jauna? Bai, andrea!

Aiala Elorrieta Agirre
2018ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
«Langileengan erortzen da zama», esaten dute. Ez, jauna: gezurra da». Esaldi honekin abiatzen da Gipuzkoako Ogasun buruari sozietateen gaineko zergaren jaitsieraren harira, BERRIA egunkarian egindako elkarrizketa. Maskulinoan «ez, jauna» dioen Larrañagari «Bai, andrea!» erantzun beharrean nago, zergen zama langileek jasaten dutelako. 2016ko datuei erreparatzen badiegu, emaitza eskandaluzkoa da: zuzeneko zergen bitartez langile klaseak %35,5aren ekarpena egiten du; kapital errentek bilketa guztiaren %11 baino ez. Zuzeneko zergei erreparatzen badiegu, lan errenten ekarpena kapital errentenaren hirukoitza da.

Elkarrizketa irakurri ahala, deseroso bezain dibertitua sentitu naiz. «Hemen ez daude Google eta horrelakoak; izenez eta aurpegiz ezagutzen ditugu enpresak eta enpresariak: herrikoak dira». Hemengoak badira, motibo gehiago haien iruzur fiskala gertutik jarraitzeko. Ignacio Zubiri EHUko katedradunak EAEko iruzur fiskala urtean 3.725 milioi eurotik gorakoa dela ebatzi du Ekonomia ezkutua eta iruzur fiskala EAEn txostenean. Diru bilketari dagokionez, ardura diguna ez da enpresariak hemengoak diren ala ez. Axola diguna da ia enpresa horiek aberastasunaren zein zati partekatzen duten gizartearekin. Horretan ere, emaitza eskandaluzkoa da: errealitateak erakusten diguna da ia enpresen %80ak ez dutela zergarik ordaintzen: 2013ko datuen arabera, aitorpenen %55,2 negatiboak zirelako—galerak deklaratzen zituzten— eta sozietateen %23ak 6.000 euro baino mozkin txikiagoak aitortzean, ez ziren zergak ordaintzeko gutxienekora iristen.

Europako Batasunari ere erreferentzia egiten dio Larrañagak. «Europako batezbestekoan gaude pisuari dagokionez. Bilketa osoaren %6 da sozietate zerga», dio. Batasunarekin konparatzea ariketa egokia izan daiteke, baina horri testuingurua falta zaio. Ezinbestekoa da herrialde bakoitzaren tamaina kontuan hartzea, alderatu ahal izateko. Sozietate zergaren pisuak alderatu behar dira, baina herrialdeen BPGa aintzat hartuz. Horrek bestelako datuak ematen ditu: Europan, sozietate zergaren pisua BPGaren %2,5 da (Eurostat), eta EAEn, %1,5; askoz gutxiago, beraz.

Funtsean, Larrañagaren hitzek ezkutatu nahi dute EAEn Europako Batasunean baino presio fiskal nabarmen txikiagoa dagoela. Presio fiskalaren kontzeptuak harremanetan jartzen du lurralde batean sortzen den aberastasun maila lurralde horretako diru-bilketarekin. 2015. urtean, EAEko presio fiskala BPGaren %31,4 zela estimatzen da, maila europarra baino 7,3 puntu beherago. Azken batean, EB-28rekiko distantzia horrek bistaratu egiten du, EAEn aberastasun mailari dagokiona baino gutxiago biltzen dugula zerga bidez, urtero 5.000 milioi euro gutxiago alegia.

Urtero, 5.000 milioi euro urrunago EBko batezbestekotik eta ongizate mailatik. Eta ongizate mailaz ari garela, ederto dago Larrañagak Gini indizea aipatzea elkarrizketan. Bere aipamenak bidea irekitzen baitu gogorarazteko Gini indizeak herrialde baten barruko errenta desberdintasunak neurtzen dituela. Iruditzen zait zinikoa dela sozietate zergaren murrizketa baten testuinguruan Gini indizea ahora ekartzea. Izan ere, errenta desberdintasunak murriztu ahal izateko gastu soziala indartu beharra dago, hezkuntza, osasuna eta DSBE moduko prestazioak direlako errenta desberdintasunean eragin nabarmena duten politikak. Esan diezagutela zein aukera geratzen den desberdintasunak murrizteko, sozietate zergaren murrizketa eginez eta EAEko aurrekontuetarako onartutako gastu-arauarekin. Horretarako, tarterik ez da gelditzen murrizketak aurrekontuetan eta zerga bilketan aplikatzen direnean. Ez, jauna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.