1 Aspaldi Greziako finantza krisiaz ezer entzun gabe... Ez al zegoen nahiko bideratuta hirugarren erreskatearekin? Berlinen eta Atenasen arteko tentsioa nabarmen baretu da 2015eko udaz geroztik. Hala eta guztiz ere, arazoak hor dirau: 86.000 milioi euroko erreskateak ez du atera herrialdea zenbaki gorrien putzutik; areago, NDF Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi du zor publikoa ikaragarri handituko dela.
2 «Lehertu» egingo dela esan du, ezta? Hala da. Financial Times kazetak filtratu duenez, NDFk txosten konfidentzial bat idatzi du, zeinak iragartzen baitu zor publikoa herrialdeko BPGa baino hiru aldiz handiagoa izango dela 2060. urtean. 2020an zor publikoa BPGaren %170era iritsiko da; 2022an, BPGaren %164ra jaitsiko da; baina, hurrengo hamarkadetan, «eztanda egiteko moduko hazkundea» izango duela dio NDFk, 2060an BPGaren %275era iritsita.
3 Eta zer aterabide proposatzen du? Zorraren zati bat barkatzea da konponbide bakarra, NDFren ustez. Hori egin ezean, agiriak dio ez duela zorraren arazoa gainetik kenduko erreskatean adostutako erreformak baino neurri gogorragoak hartuta ere.
4 Zein da arazoa, bada, kitaren bat egiteko? Greziako zor publikoaren hartzekodun nagusiak ez daudela prest; hau da, batez ere euroguneko estatuak, eta, bereziki, Alemania eta Frantzia. Hain zuzen NDF ez da hirugarren erreskatean sartu, aurretiazko baldintza moduan jarri duelako zorraren kita bat egitea, edo, bestela, erreformak nabarmen gogortzea. Eurotaldeak ez du kitarik nahi, baina NDF limurtu nahi du erreskatean sartzeko.
5 Zer aukera dago kita bat egin eta NDF erakartzeko? Aukera txikia, bereziki orain. Izan ere, hauteskundeak dituzte martxoan Herbehereetan, udaberrian Frantzian, eta udazkenean Alemanian.
6 Zein da, orduan, EBren soluzioa?
Orain arte bezala jarraitzea. Bruselak ziurtzat jotzen du Greziak superabitarekin itxi duela 2016a; eta hori joera aldaketatzat jo du EBk. Aldiz, ez dio utzi Atenasi superabit hori 1,6 milioi pentsioduni sari bat ordaintzeko erabiltzen. Lehenik hartzekodunak; gero gerokoak.
BAKARRIZKETA
«Eztanda» egin dezake Greziako zor publikoaren igoerak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu