xabier martin
GEURE KONTU

Fagor CNA: ez zen hain erraza, ezta?

2016ko abenduaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Artxila murtxila esanda ez zen nahikoa, noski. Fagor Etxetresnak kooperatibak porrot egin zuen merkatu berean arrakastaz aritzeko, hartzekodunen konkurtso batean erakutsitako gaitasuna baino handiagoa behar da. Kataluniatik iritsi ziren CNAko magoak enpleguaren oparia ekarri zuten, 2014an; noiz, eta Mondragon taldearen ikurra hondoratua zelarik, etsipena eta depresioa erabatekoa zenean. Baina ematen du pilak huts egiten ari zaizkiola orain bi urte etxetresnen jarduera berriro berpiztu zuen proiektuari. Eta zalantza zein susmo txarra zabaltzen hasi dira langileen artean. Ez zela hain erraza.

Garagartzako lantegia egoitza nagusi gisa hartu, eta orain bi urte Fagor CNA martxan jarri zutenek kooperatiba izandakoaren zuzendaritzak izan ez zuen abantaila erraldoia izan dute: errentagarriak ez ziren negozioak alboratu, eta benetan merkatuan lehiatu zitezkeen lerroekin aurrera egitea. Zama kentzea, alegia, hutsetik hastea ongi funtzionatzen zuena baliatuz, eta enpresa kiebrara eraman zuten aldagaiak desagerraraziz. Horrek guztiak isla argia izan du negozio ereduan: enpresa berriaren oinarria egosketa izan da; harekin batera berogailuen atalak (Geyser Gastech) eta etxetresna txikienak hauspotu dute proiektu berria. Azken urtean lerro zuriko etxetresna handiagoekin hasi da CNA, arrisku handiagoa hartuta; baina garbigailuen merkatuan lehiatzea ez da batere erraza gertatzen ari.

Orain aste batzuk martxan jarritako aldi baterako enplegu erregulazioak alarmak piztu zituen Arrasaten. Asteon, berriz, otsoa badatorrela diotenek oinarriz diotela berretsi du Jorge Parladeren zuzendaritzak: 40 bat langile kaleratu nahi ditu. Kaleratzeak eta enpresaren geroa lotu ditu Kataluniako konpainiak, eta Parladek orain arte erakutsi duenarekin zalantza gutxi geratzen dira haren burdinazko eskuaren inguruan. Aurrena Xabier Bengoetxea kaleratu zuen egun batetik bestera; kooperatiba izandakoaren presidente ohia fitxatu zuen CNAk, «euskal oinarriak dituen enpresa» altxatu nahi zutela erakutsi nahian. Gero, salmentekin lotutako arduradunen artean 19 pertsona kaleratu zituen.

Eta, orain, beharginengana jo du albiste txarrekin. Langileak antolaturik daude, ordea, eta garbi utzi dute ez daudela prest kaleratzeak besterik gabe onartzeko. Bazkide ohiak soldatapeko dira orain, atzean sindikatuen aholkularitza eta eskarmentua duten soldatapekoak, esan nahi baita. Beharbada ez dira kaleratzeak saihestuko, baina negoziazio bat zabalduko da, eta orain arte erakutsitako mobilizazioa —ordubeteko lanuzteak— handitu egin daiteke datozen asteetan. CNA inbertitzaile baten bila dabilela zabaldu da, eta horrek egonezin handia eragin du ez alferrik.

Segurtasun sare hura

Fagor Etxetresnak ondoratu zirenean jipoi izugarriak jaso zituen Arrasateko eredu kooperatiboak, 2.000 bazkide-langile, era batera edo bestera —denek nahiko luketen lekuetan eta lanaldietan egon gabe ere—, lanpostu berrietan, erretiroan edo Lagun Aroren lan poltsan kokatu zituen eredu berak. Orain SA batek kaleratu nahi ditu langileak, eta ez da igarlea izan behar aldea igarriko dela jakiteko. Kaleratzeen zerrendako zenbat ote dira Fagor Etxetresnak kooperatibako bazkide ohi?

Aurretik bazkide zirenek karta bat baitute oraindik jokatzeko: Lagun Aro BGAEra itzultzeko modua izango lukete soldatapeko bihurtu zirenean horretarako aukera zabalik utzi zutelako, hiru urteko epean. Horregatik, Lagun Aroren langabezia jasotzen hasiko lirateke kooperatibismora itzultzea erabakitzen duten bazkide ohiek, baldin eta CNAra joan aurretik erabat amaitua ez bazuten —24 hilabetekoa da—, eta lan poltsan sartuko lirateke. Ez da El Dorado, baina bai beste aukera bat. Ikusteko dago 700 enplegu agindu eta 500 inguru sortu dutenek zer-nolako aukerak ematen dizkieten kaleratuen zerrendan daudenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.