xabier martin
GEURE KONTU

Garen edo ez garen ikusteko dago

2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Eragile berri bat iritsi da euskal lan harremanetara: Garen. Enpresari elkarte berriaren garrantzia zehazteke dago, aurrerantzean lortzen duen afiliazio kopuruak baldintzatuko baitu haren ibilbidea. Baina Garen patronal gaiak herenegun Donostian egindako agerraldia oinarri hartuta hainbat ondorio atera daitezke jada. Lehen-lehena, Adegik ez dituela enpresari txiki eta ertainen interesak behar bezala zaindu (ezta Confebask konfederazioko beste biek ere: Cebek eta SEA), agian enpresari handiak eta txikiak aldi berean defendatzea ezinezkoa delako, sarri askotan kontrajarriak baitaude haien interesak.

Bada, zirrikitu horretatik abiatuta, Gipuzkoako enpresari talde txiki batek proiektu berria abiaraztea deliberatu du, «Euskadin dagoen esklerosi egoera amaitzeko asmoz». Iñaki Zuloaga Garen elkarteko presidenteak eta urte askoan EAJko afiliatuak, enpresari txiki eta ertainek «presio taldea» behar-beharrezkoa dela uste du, haiek erabakiguneetatik «urrun» daudela badakielako. Eta enpresari txiki eta ertainen eskubidea aldarrikatzen du funts publikoak banatzen diren guneetan egoteko, «enpleguaren %80» ordezkatzen dutelako. Alegia, enpresari txiki eta ertainek beren espazioa nahi dute, eta enpresen afiliazioak lortzeko lasterketan hasi dira Garen markapean, solaskide estatusak atxikipen horiek ematen baitute, ez hitz politek bakarrik.

Lan harremanen taulako beste piezak

Taulako beste piezak nola mugitzen diren ere ikusteko dago, bestalde. Eta Garen azkar haziko balitz? Eta patronal gisa egonkortuko balitz enpresa kopuru esanguratsu baten afiliazioei esker? Confebaskeko herrialdeko patronalek gaur egun duten erabaki ahalmen erabatekoa urratuko luke horrek, jakina, eta sindikatuen eta patronalen arteko akordioak egiteko aukerak handituko lirateke, sektore batzuetan bederen. Adegik eta haren bazkide bizkaitarrak eta arabarrak, Cebekek eta SEAk, seguruenera ez dute begi onez ikusi Garen elkarteak marraztu duen zirriborroa Zuloaga presidentearen adierazpenen bidez. «Adosteko bokazioa dugu»; alegia, gaur egungo negoziazio kolektiboaren lokarria askatzen lagundu nahi dute, «komeni» zaie, lan merkatuaren «desarautzeak enpresa txikiak jotzen dituelako gehien», eta akordioek, arauek, «segurtasuna» ematen dietelako enpresa horiei. Itxuraz, ez dira dogmatikoak izango lan erreformaren aplikazioari dagokionez; ezker eskuarekin eta gerri malguaz negoziatzeko prest daudela alegia. «Sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoa errespetatuko» dutela jendaurrean esatea ildo horretan doa, ezagututa ELAren eta LABen posizioa erreformaren aurrean.

Sindikatuak isilik daude oraindik, eta interesgarria litzateke haien iritzia lehenbailehen jakitea. Datozen egunetan Garen-eko ordezkaritza bat sindikatu nagusiekin elkartuko da bilera erronda batean, eta iritziak ezagutzen hasiko dira. Litekeena da sindikatu abertzaleek subjektu berri baten etorrera eskertzea, baldin eta esanak ekinarekin laguntzen badu eragile berri horrek.

Eta Jaurlaritzak, zer? Zer Elkarrizketa Sozialerako Mahaia sindikatuen ordezkaritzaren gehiengorik gabe eratu duen erakundeak? Bada, patronal izan nahi duen elkarte berriak eska dakiokeen gutxienekoa neutraltasuna da, eta Garenek aditzera eman duenez, oraingoz «zortea» opa die. Jakin ezaguna da, bestalde, erakunde publikoetako ordezkariek «mikrofonotik kanpo eta mikrofonoaren aurrean» esaten dutena ez datorrela bat esan duela Zuloagak kazetari mordo baten aurrean, Lakuan ere euren proiektua begi onez ikusten dutenak badirela helarazi nahian. Herenegungo agerraldian, ordea, ez zen babes ofizialik ikusi presentzien bidez. Jokin Bildarratz EAJko senataria izan zen erakundeen ordezkari nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.