Irune Lasa.
GEURE KONTU

Geopolitikaren lezioak

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Mundua nolakoa izatea nahiko genukeen eta errealitatean nolakoa den. Lezio garratza izan daiteke jabetzea tarte horretaz, batez ere uste baino handiagoa denean. Europako Batasunari ere gogorra gertatzen ari zaio jabetzea mundua aldatu egin dela; konturatzea munduaren zilborretik gero eta urrunago dagoela. Ulermen ariketa hori egiten saiatu zen analista sorta bat astelehenean Kursaal jauregian, Eurobasquek eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldian, Europa geopolitikoa: mendekotasunetik autonomia estrategikora goiburupean.

Izan ere, «geopolitika itzuli da», Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak bere hitzaldian esan zuen moduan. «Geopolitikako ohiko bektoreei, baliabide naturaletarako sarbideari eta komunikazio bideen kontrolari, orain klima larrialdiaren eta digitalizazioaren erronka itzelak gehitu zaizkie». Elorzak azaldu zuen nola aldagai horiek tentsioa areagotu egin duten nazioarteko agertokian, eta nola markatuko duten munduaren etorkizun geopolitikoa. «Europa bere bidea egiten saiatzen ari da mundu batean zeina gero eta multipolarragoa den, baina, aldi berean, biratzen duen AEBen eta Txinaren arteko antagonismo gero handiagoaren inguruan».

(Teorian guztientzat aberasgarriak diren) harreman komertzial-ekonomikoak nagusi zituen munduaren ikuskera hori agortuz doa, eta geopolitikaren itzuleran, tentsioak areagotuz doazen unean, gai horietarako ahots bateraturik ez du Batasunak. Ezer gutxi egiten du, edo ezer gutxi egin dezake, «kezka» agertzeaz aparte. Kazetarien txantxa modukoa bihurtu da halako edo besteko gatazka bati buruzko jarrera azaltzean EBko eledunaren «kezka» zenbaterainokoa izango den asmatzea. Berdin diolako Bieloerrusia edo Txinako Itsasoa, Europako Batasuna «concerned (kezkatuta)» agertuko da; «very», «really», «deeply», «strongly», «seriously», «gravely», «extremely» edo «unprecedentedlyconcerned». Adibideak egunero ikusgai, Twitterreko Is EU Concerned? kontuan.

Azkenean, neurri handi batean, gaur egun atzerri politikarako EBren tresna bakarra bere merkatua da, hori baita, praktikan, bateratua duen gauza bakarra. Merkatu boteretsua da Europakoa, baina kanpo arazo eta harreman guztietarako tresna bera erabiltzea noraino iristen da? Eta noiz arte izango da boteretsua merkatu hori?

Nazio ala federazio?

Alicia Garcia Herrero ekonomistak «xalotasunaz» hitz egin zuen Kursaalean, etsituta, Asiaren eta batez ere Txinaren indarraz egiaz jabetzen ez den Europa gero eta ahulagoarekin. «Inportantea zer da, orain arte lortutako BPGa edo sortuko den berria? Etsigarria da, merkatua non egongo da? Hemen ez». Beste kezka bati ere hitzak jarri zizkion Bruegel think-tank-eko kideak. «Hemendik gutxira munduaren parte handiena ez da demokratikoa izango». Eta «horri aurre egiteko», jarraitu zuen, «ez da nahikoa 'halako plan bat dut' esatea».

Garcia Herrerok uste du Europak nazio bat izan behar duela. Patxi Aldecoa katedraduna eta Antonio de Lecea irakaslea, berriz, eredu federalean sakontzearen aldeko agertu ziren, Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia buruan. Hain zuzen, Europa terapia moduko batean dagoela esan daiteke, 'Zer gara, nora goaz' hausnarketan. Horretara zetorren asteleheneko jardunaldia ere. Baina prozesuak ez du ikusmin handiegirik piztu, eta gainera, EBn gauza guztiekin gertatzen den bezala, hori ere geldo doa, aldaketak munduan askoz ere bizkorrago doazenean. «Zibilizazioa» eta «demokrazia» beti ahoan dituen Europak perlesiak jota dirudi.

Ildo horretan, ez baztertu beste ideia bat: Garcia Herrerok Asiako herrialdeetan antzematen duen sentimendu antikolonialistaren ispiluan, eta Enric Juliana kazetariak astelehenean COVID neurrien kontrako protestetan antzematen zuen erresuminaren ifrentzuan gordeta, ez ote dago, muinean, munduan erakutsitako nagusikeria zanpatzailearekiko Europaren eta europarren oroimin bat ere?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.