jokin sagarzazu

Jaistea zailagoa izaten da igotzea baino

2023ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Bidea aldapan gora hastea ez da gomendagarriena, baina maldan behera egitea ere ez. Badirudi Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak kontuan hartu duela gomendio hori legegintzaldiaren hasieran. Pisuzko lehen neurria prezioen igoerari aurre egiteko aurreko agintaldian martxan jarri zituen laguntzak kentzen hastea izan da. Hasi du bidea, «modu progresiboan» eta tentuz. Eta horrekin berriro ere erakutsi du babesak nonahi lortzeko duen gaitasun txundigarria.

Sanchez boterera itzuli duten alderdiek oro har begi onez hartu dituzte neurriak, eta batzuek dominak zintzilikatu dituzte: hala egin dute EH Bilduk eta EAJk. Baina horrez gainera, Bruselak eskatutakoarekin lerrokatu da. Eta energia konpainia eta banku handiekin su-eten bat hitzartu du. 

Europako Batasunak arau fiskalak ezarri ditu atzera, eta estatu kideek euren zor eta defizitak murrizteko politiketara bueltatu beharko dute; hori bai, aurreko krisian baino gerriko malguagoarekin. Eta Sanchez hasi da bide hori ere urratzen. Bestela esanda: atera ditu guraizeak, aurrekontuetan kostu zuzena duten murrizketak saihestuz, diru iturri berriak bilatzen dituen bitartean. Plan perfektua, itxuraz.

Batetik, argindarraren BEZa urtarriletik aurrera igoko da: %5etik %10era, baina ez da %21era lehengoratuko. Sanchezek ez du zehaztu noiz igoko duen, eta egiten badu %21ekoa izango den ala txikiagoa. Argindarraren beste zergak, berriz, igoko ditu, apurka, argibide gehiagorik gabe. Gasaren BEZa, hori bai, %5etik %21era itzuliko da, baina negua pasatutakoan. Eta talde zaurgarrienentzako laguntzei eutsiko die. Alegia, batetik kenduko du bestetik jasotzeko. Ogasun Ministerioaren arabera, zerga horiek murriztearen ondorioz, Madrilek 700 milioi euro gutxiago bildu zituen urtarriletik azarora bitartean; orain, horren zati bat jasoko du.

Sanchezek guraizeak atera ditu, aurrekontuetan kostu zuzena duten murrizketak saihestuz, diru iturri berriak bilatzen dituen bitartean. Plan perfektua, itxuraz.

Dena den, irabaziei baino gehiago, kostu politikoari begiratu dio Sanchezek. Igoerak justifikatzerakoak, argudio bat erabili du: energien prezioak laguntzak ematen hasi zeneko mailara itzuli direla. Gainera, herritarrak prezioen gorabeheretara ohitu direla iradoki du, eta, iragarritako aldaketen eraginak oso txikiak izango direla. Argindar fakturan, hilean 2 euro babez beste, 25 euro urtean. Betiere, merkatu aurreikuspenak betetzen badira.

Haizea alde

Beste neurri nagusiak erosketa saskiarekin du zerikusia. Oinarrizko elikagaien BEZa %0 eta %5 artean mantentzea erabaki du, beste sei hilabetez. Bestela esanda, inflazioak beheranzko joera egonkortu arte. Sanchezek argudiatu du BEZa orain igotzeak bilakaera hori etengo lukeela. Dena den, argi du berandu baino lehen sagar horri kosk egin beharko diola, guraizeak beste nonbait sartu nahi ez baditu. Neurri ezatsegina izango da, baina aurreikuspenek diote uste baino leunagoa izango dela. 

Eta joko horretan badago hirugarren hanka bat: energia enpresa eta banku handiena. Haien irabaziei jarritako zerga bereziarekin, Madrilek 1.400 milioi bildu ditu urtebetean. Beste urtebetez luzatu du, baina energia konpainien «mehatxuek» izan dute eragina: kenkari batzuk lortu dituzte. Neurria behin betikoa izan dadin atea zabalik utzi du gobernuak, Sumar alderdiaren presioa dela eta, baina egoera aldatu egin da: energien prezioak apaltzen ari dira, eta interes tasak beheranzko bidean dira. Zerga horrekin, moldatuta, edo xisteratik atera ditzakeen eta seguruenik atera beharko dituen beste batzuekin, defizita ordaintzeko poltsa betez joan beharko du Sanchezek. 

Bruselak agindutako bidea hasi du. Itzulerako bidea. Eta albo guztietara begiratu beharko du. Igoera baino arriskutsuagoa izaten baita jaitsiera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.