Irune Lasa.

Kikiltzen ari da

2025eko apirilaren 30a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Harropuzkeriaz betetako adierazpen probokatzaileen atzean, mehatxu ageriko eta ezkutukoen azpian, ehun egun geroago, Donald Trump kikiltzen hasia da. Horixe erakusten dute zantzu guztiek.

Egia da luze doala hau guztia, ematen duela mende bat pasatu dela tarte labur honetan. Hiru hilabete eskasean, Trumpek mundua aztoratu du, eta kalte handia eragin arlo diplomatikoan, ekonomikoan eta sozialean. Eta, tamalez, oraindik ere min handia eragingo du. Hain zuzen, «beste hiru urte eta erdi» esaldia behin baino gehiagotan entzun da egun hauetan AEBetako albiste kateetan.

Baina hel diezaiogun auziari atalez atal. Lehen egunean Ukrainako Gerra amaitu behar zuen Trumpek. Zain gaude oraindik; besteak beste,  Zelenskik ez baitu onartu irtenbiderik errazena, Ukraina erabat errenditzea.

Herenegun, Vladimir Putinez fidatzen ote zen galdetu zion kazetari batek AEBetako presidenteari, eta hark erantzun zuen kazetariak pizten ziola mesfidantza. To, Etxe Zurira itzuli aurretik gizon indartsuen artean konpontxo egitea erraza ikusten zuen Trumpek, baina orain ez dirudi Putinen pare dagoenik, ezta galderei zuzen erantzutera ausartzen denik ere.

Hor kale, eta Txinarekin ere kale. Oraindik ere Xi Jinpingek noiz deituko zain baitago Trump, muga zergen kontua gizon indartsuen artean konpontzeko. Baina, hori bai, bitartean atzera egiten ari da Pekini jotako hordagoan.

Elkarrekiko muga zerga orokor haiekin, gogoratu, ia berehala kikildu zen Trump —altxorreko bonuen joera kezkagarriaren bultzadatxoa lagun— eta egun gutxiren buruan iragarri behar izan zuen herrialde gehienen gaineko muga zergatan 90 eguneko geldialdia izango zela, you know, badakizu, zera... negoziazioei bide emateko.

Trump, Etxe Zurira iristen atzo gauean. YURI GRIPAS / EFE
Trump, Etxe Zurira iristen atzo gauean. YURI GRIPAS / EFE

Txinari %145eko muga zergak ezarri zizkion, ordea. Baina bueno, egun gutxiren buruan, gailu elektroniko batzuk (sakelakoak, ordenagailuak) salbuetsi zituen, eta orain, autoetarako osagaien gaineko muga zergak ere arindu ditu. Beldurtzen ari da eta.

Ekonomia da Trump kikildu duena. Txinarekin hasitako sokatira neurrigabekoaren ondorioak laster dira igartzen hastekoak: apalak hutsik, inflazioa goraka, hazkundea moteltzen... Eta, gainera, kezka zabaldua da enpleguarekin zer gertatuko den... Aste honetan datu esanguratsuak plazaratuko dira.

Noiz iritsiko dira Trump beldurrarazi duten datu benetan txar horiek? Ikusteko dago AEBetako konpainiek muga zergen aurretik zenbateraino handitu ahal izan dituzten inbentarioak. Horrek baldintzatuko du muga zergen inpaktua noiz sumatuko den. Eta ziurrenez, altxorreko bonuena noiz nabarituko den ere bai —horrek zuzenean eragiten dio AEBek zorra ordaintzeko duten gaitasunari, besteak beste—.

Badaezpada ere, Trump ausarta hasia da inflazioaren bilakaeraren erantzukizuna Erreserba Federaleko presidente Jerome Powelli leporatzen, inflazioa izango dela gezurtatu ostean. 

Hori bai, ez da ahaztu behar koldar harroputzak arriskutsuak izan daitezkeela, eta, beraz, balitekeela Trumpek keinuren bat egitea gandorra altxatzeko, noiz-eta estatubatuarren artean onarpen gero eta eskasagoa duen honetan. Oilar agertu nahiko du, oilobusti izan beharrean. Eta horrelakoen pagaburu, normalean, ahulenak izaten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.